Gaurtik irailaren 21era bitartean ikusgai egongo da Euskal Herria Museaoan Xabier Irujo Ametzaga historiagileak antolatutako 'Gamazada. Gure poltsikoaren jabe' erakusketa.

Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatu Leixuri Arrizabalagak nabarmendu du erakusketa horrek balio handia duela XIX. mendearen amaiera markatu zuten historia eta gizarte-gatazkak ulertzeko. Arrizabalagaren arabera, erakusketak aukera paregabea eskaintzen du gutako bakoitza gure historiaren zati batera hurbil dadin, nahiz eta denboran urrun egon, gaurko eztabaidan garrantzitsua eta zirraragarria izaten jarraitzen baitu. Gogoratzeko aukera bat da, ikasteko aukera bat, baina, batez ere, gure memoria kolektiboa bizirik mantentzearen garrantzian pentsatzeko aukera bat

Erakusketak egiten duen ibilbidea hiru gai-multzotan banatuta dago: Sustraiak, 1893-1894ko gatazka, eta ondorioak. Horien bidez, bisitariek ikusi ahal izango dute zer aurrekari historikok eragin zuten Gamazada, nola garatu zen gatazka, eta zer ondorio ekarri zituen, eta ikuspegi irisgarri eta aberasgarri bat emango zaie.

'Gamazada. Gure poltsikoaren jabe' erakusketak argi aurkezten ditu Gamazada izenaz ezaguna den gizarte-matxinadako gertaerak, eta iraganerako leiho bat eskaintzen digu Ekonomia Itunaren egungo egoera hobeto uler dezagun. Erakusketaren diseinu zainduari eta orotariko baliabideei esker, bisitariek erraz ulertuko dituzte gertaerak eta testuinguru historikoa. Erakusketan, kontakizuna aberasten duten balio historiko handiko zenbait objektu nabarmentzen dira, hala nola Daniel Irujoren janzkia, familiak lagatakoa; Estanislao Aranzadiren abokatu-toga, hori ere familiak lagata; eta Nafarroako txanponen bilduma bat, Xabier Irujorena. Gainera, ikusgai daude hauek ere: Bizkaiko Foru Liburutegiko "Nafarroako Forua" eta "Nafarren Ohorezko Liburua" faksimileak, eta Euskal Herria Museoko bildumaren parte den Foruen Monumentuaren maketa. Objektu horiek euskal historiaren funtsezko une batzuen isla dira. Esate baterako, Daniel Irujoren janzkia (1864-1911): Daniel Irujo abokatu abertzalea eta Gamazadaren antolatzailea izan zen, politikari jeltzale ospetsuen aita. Bestetik, Estanislao Aranzadiren abokatu-toga (1841-1918): Estanislao Aranzadi euskal foru eta tradizioen defentsako politikaria izan zen, eta funtsezko eginkizuna bete zuen Gamazada antolatzen eta Castejonera eraman zen banderaren diseinuan; izan ere, haren emazte eta Danielen arreba Juana Irujok egin zuen bandera. Nafarroako txanponen bilduma dela eta, Iruñetik hurbil landutako txanponak dira, eta Xabier Irujorenak dira. Eta "Nafarroako Forua" eta "Nafarren Ohorezko Liburua" faksimileak ere funtsezkoak dira ulertzeko zenbateko garrantzia izan zuen foru-sistemak euskal nortasunean. Horretaz gain, Foruen Monumentuaren maketak eta Nicolas de Larmenssinek Louis XIII.ari egindako grabatuak osatzen dute Nafarroako eta Euskal Herriko eskubide historikoen eta nortasunaren aldeko borrokaren bisualizazioa.

Gainera, ukipen-pantailen bidez, garai hartako prentsak gamazadari buruz argitaratutako artikuluak kontsulta daitezke.

Datozen hilabeteetan, Euskal Herria Museoak erakusketa horren inguruko zenbait jarduera antolatuko ditu:

  •  Maiatzaren 31n, 18:00etan: bisita gidatua.
  •  Ekainaren 3an, 18:00etan: Xabier Irujoren Gamazada hitzaldi-errezitala, eta Josu Okiñenaren (pianoa) eta Garikoitz Mendizabalen (txistua) kontzertua.
  •  Ekainaren 12an, 18:00etan: "SanRokada" hitzaldia, Gernikazarra historia-taldearen eskutik.

Jardueretan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.