Gaurtik aurrera, Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikora doan pasealekuan 3,5 metroko altuera duen altzairu urtuzko piezekin egindako Egun on laztana eskultura ikusi ahal izango da. Javier Santurtun artistak Barakaldoko Udalari eman dio bere amari eskainitako eta erditzen ari den emakume baten gorputza irudikatzen duen obra hau.
"Ohore handia da Javierren lan berri bat gure kaleetan izatea. Artista askorentzat eredu da, eta erreferente gure hirian", adierazi du Amaia del Campok artistaren beraren ondoan egindako aurkezpenean.
Egun on Laztana emakumeen indarrari omenaldi gisa jaio zen. "Nire kezka da artelanak ikusaraztea eta mugitzen garen hiri-ingurunea atseginagoa, bizigarriagoa eta gizatiarragoa izan dadin laguntzea", adierazi du Santurtunek, eta obra honen hasiera duela urtebete Clara Campoamorren egindako erakusketa batean kokatu du, artearen hastapenetan babesa agertu zioten hiru pertsona omenduz: Ceferino del Olmo, plastikako irakasle ohi bat eta bere ama.
Obra egiteko, Santurtunek oxiebakeko materiala berrerabiltzeko helburua jarri zuen. "Hainbeste alorretan agertzea nahi dugun iraunkortasun hori nire lanarekin praktikatu nahi izan dut. Piezak eta hondarrak ikusten, obrarekin zer iradoki nahi nuen irudikatzen, eta, azkenean, nahiko ausarta izanda, emaitza hau lortu dut ", azaldu du.
Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkio egileari hiriarekin duen konpromisoagatik, "bere lana beti hiri-berroneratzean, tokiko merkataritzaren dinamizazioan eta auzoen hobekuntzan oinarritu da elkarlaneko proiektu artistikoen bidez, gure hiria alaitzen duten muralak margotu ditu eta horregatik Santurtuni Barakaldorekin duen konpromisoa eskertu behar zaio", amaitu du.