Beste urte batez, eta badoaz 31, Bermeok Arrain Azokaz gozatu egin du amaitu berri den asteburuan. Hala, antolatzaileek lehen balorazio "oso positiboa" egin dute. Eguraldia lagun, giro aparta izan da hiru egunetan zehar, eta azokaren bilakaerak norabide sendoa hartu duela nabarmen geratu da.

Azokaren hasierako eguna, barikua, gero eta indartsuago kokatzen ari da. Gero eta jende gehiago batzen da egun horretan, eta salmentak ere neurri handi batean barikuan bertan egin ziren. Enpresa erakusleek eta parte-hartzaileek azpimarratu dute oso pozik daudela asteburuak emandakoarekin. Hala eta guztiz ere, balorazio sakonagoa egiteko batuko dira datozen egunetan.

Azken urteotan, Arrain Azokak bere izaera zabaltzen eta aberasten jakin du. Gaur egun, azoka bat baino askoz gehiago dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Gastronomia gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari da, eta horrek Bermeoko nortasuna, kultura eta bizimodua erakusteko leiho batean bihurtu du azoka. Arrain Azokak esperientzia kolektibo eta kultural bihurtzeko bidean aurrera pauso sendoak eman ditu”.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkate eta Arrain Azoka Elkarteko presidentearentzat une hunkigarrienetako bat izan da barikuan azokako inaugurazio ekitaldiaren baitan banatutako Hegaluze Saria. Aurten, itsas sektoreko emakumeei egin zaie aitortza, eta agertoki gainean elkartu ziren sektore desberdinetako hainbat belaunalditako emakumeak. “Oso hunkigarria izan zen, eta ohore bat izan da eurekin guztiekin oholtza gainean egon ahal izatea. Oso harro gaude, uste dugulako Bermeok zor hori zuela itsas sektoreko emakumeekin. Ikusgarria izan zen ekitaldira bertaratutako agintari eta herritar guztiak zutunik txaloka ikustea, eta ekitaldia benetan zirraragarria izan zen”, adierazi du alkateak.

Azokaren baitan antolatutako ekitaldi guztiek harrera “oso ona” eduki dutela nabarmendu du, “jendetsuak” izan direla nabarmenduta: “Parte-hartzea handia izan da, eta oro har, giro ezin hobea egon da egun guztietan”. Udalerria jendez beteta egon da barikutik domekara bitartean, “giro osasuntsu” batean.

Arrain Azokan parte hartzen duten pertsona, talde, enpresa, langile eta boluntario guztiei eta euren ekarpenak isilean egiten dituzten enpresa eta banakoei eskerrak eman dizkie: “Arrain Azoka arrakastatsua bada, euren laguntzari esker da”. Horrez gain, herria babesteko lanetan aritu diren horien guztien lana ere eskertu du.

Arrain Azoka elkarteko kideak datozen egunetan bilduko dira balorazio sakonago bat egiteko, eta datorren urteko edizioa hobetzeko lanean hasteko. Helburua argia da: azokaren kalitatea hobetzen jarraitzea eta esperientzia gero eta aberatsagoa eskaintzea.