Síguenos en redes sociales:

Bermeon 1.663 pertsonek hartzen dute parte Euskaraldian

Udal barruan zein herritarren eta udalaren arteko harremanetan euskararen erabilera indartzea nahi dute

Bermeon 1.663 pertsonek hartzen dute parte EuskaraldianBermeoko Udala

Bermeoko Udalak oraingoan ere bat egin du Euskaraldiarekin, eta horretarako udalaren inplikazioaz gain, herritarren inplikazioa ere gogoratu dute, herritar guztiei dei eginez Ahobizi eta Belarriprest txapak jarri eta euskara kalean, lanean, elkarteetan, enpresetan… zein leku guztietan egiteko. Bermeon, 1.663 pertsona daude Euskaraldian izena emanda 1.420 Ahobizi eta 243 Belarriprest. 

Bestalde, Udal barruan zein herritarren eta udalaren arteko harremanetan euskararen erabilera indartzen jarraitu nahi dute, hori dela eta, langileak protagonista diren hiru bideo labur egin dira, sare sozialen bidez partekatuko direnak. Lehenengoa Euskaraldiaren lehen egunean zabaldu zen, eta beste biak aste honetan zehar ezagutaraziko dira. Horrela, euskara erdigunera ekarri gura dute egun hauetan, Bermeoren identitatearen ezinbesteko elementua den euskara indartuz.

Udal iturriek adierazi duten bezala “Euskaraldiak iraungo dituen 11 egunean ez ezik, aurrerantzean ere egun horietan hartutako indarrei eta dinamikei jarraipena emateko deia egiten dugu Bermeoko Udaletik, bai Belarriprest, zein Ahobizi moduan”.