Síguenos en redes sociales:

Mugikortasun jasangarriko politikek Bizkaiko trafikoaren hazkundea eta hazkunde ekonomikoa banandu dituzte

Tradizioz lotutako adierazle bi horiek beste garapen bat erakusten dute 2024an, Bizkaiko Foru Aldundiaren «Errepideetako Trafikoaren Bilakaera» deritzon txostenaren arabera

Bizkaiko errepideen foru-sareko mugikortasuna guztira urteko kilometroko 4.586,2 milioi ibilgailura iritsi zen 2024an; horietatik 356,9 milioi ibilgailu ibilgailu astunak izan ziren. Datu horiek «Bizkaiko Errepideetako 2024ko Trafikoaren Bilakaera» azterlanekoak dira. Azterlan hori Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak egin du, foru-sareak dauzkan 1.241,4 kilometroetan zehar banatutako 520 neurtze-estazioen erregistroak aztertzetik abiatuta.

Txosten horren ondorio nagusietako baten arabera, pixkanaka banantzen doaz lurraldearen hazkunde ekonomikoa eta ibilgailuen trafikoaren hazkundea. Aurreko urteetan ez bezala (bi adierazleek bilakaera paraleloa izan baitzuten orduan), 2024ko datuek egiaztatu dute jarduera ekonomikoa eta trafikoaren intentsitatea ez daudela lotuta. Txostenaren arabera, fenomeno hori zuzenean dago lotuta Bizkaiko Foru Aldundiak eta beste erakunde publiko batzuek bultzatutako mugikortasun jasangarriko politikekin.

Zehazki, 2024an, lurraldeak BPGaren % 2,3ko hazkundea izan zuen; trafikoaren bolumen globala, berriz, 1,8 handitu zen. Trafiko astunari dagokionez, igoera are moderatuagoa izan zen, aurreko urtekoaren aldean % 0,6 handitu zen eta.

Bilboko sarbideetan nolako garapena izan den bide motaren arabera

Bide-motaren araberako analisiak azalarazten du zeinen garrantzitsuak diren edukiera handiko errepideak, zirkulazioaren zatirik handiena izaten jarraitzen dute eta. Bide horietan —noranzko bakoitzeko bi errei edo gehiago dagoenez—, eguneko batez besteko zirkulazio-emaria (EBBE) eguneko 41.572 ibilgailukoa izan zen, 2023an baino % 1,7 handiagoa, alegia. Goranzko joera hori 2020tik aurrera mantendu da, eta horrek berresten du benetako egitura-ardatzak direla lurraldeko mugikortasunean.

Errepide arruntetan (noranzko bakoitzeko errei bakarra daukaten horietan), berriz, EBBEa eguneko 41.572 ibilgailukoa izan zen (% 2,2ko hazkunde txikia). Hala ere, txostenak zehaztu du hori gorabehera puntuala izan dela; izan ere, balio horiek egonkor iraun dute 2021etik aurrera.

Lurralderako sarbideei dagokienez, % 2,4ko hazkunde moderatua ikusten da, eguneko batezbestekoa 174.696 ibilgailukoa izanik. Hala ere, Bilborako sarbideetan, pixka bat murriztu da (% 1,4), eta eguneko 287.538 ibilgailu daude batez beste. Hiriburuko sarbideetan dagoen beheranzko joera hori azken hamarkadetan ere errepikatu da, eta bat dator ibilgailu pribatuaren erabilera murriztera bideratuta dauden eta garraiobide jasangarriagoen alde egiten duten estrategia publikoekin.

Trafiko astuna korridore nagusietan birbanatzea

Erabileragatiko ordainketa-sistemaren bigarren fasea abian jartzeak (EOS), batez ere BI-30 errepidean (lehengo N-637), eragina izan du foru-sareko salgai-trafikoaren birbanaketan. Neurri horri esker, korridore jakin batzuen gaineko presioa arindu da, eta trafiko astunaren zati bat edukiera handiagoko bideetara joan da.

Oraindik ere, Arrontegi da lurraldeko trafiko-bolumen handiena duen tartea, lehengo urteetako zifrak antzekoak dira eta. Bestalde, batez ere ibilgailu astunen zirkulazioari dagokionez, bi errepide hauek izan dute hazkunderik handiena: Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea (supersaihesbidea) eta AP-68. Eta horri esker, BI-10 (A-8) eta BI-30 (N-637) tarte gorabeheratsuetan, salgaien trafikoa murriztu da, helburu den mugikortasun orekatuago eta jasangarriago baten mesedetan.