Bizkaiak 2,6 milioi euro bideratuko ditu transferentzia teknologikoaren aldeko apustua indartzeko
Helburu nagusia teknologia- eta ikerketa-zentroetatik enpresetara aplika daitekeen ezagutza-transmisioa bizkortzea d
Bizkaiko Foru Aldundiak 2.600.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Transferantzia Teknologikoa 2025 dirulaguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia martxan jartzeko.
Programaren helburu nagusia teknologia- eta ikerketa-zentroetatik enpresetara aplika daitekeen ezagutza-transmisioa bizkortzea da, enpresei beren industria-erronkei aurre egiten eta nazioarteko merkatuetan duten kokapena hobetzen laguntzeko. Programa Bizkaiko Gobernuak lurralde berritzaile eta lehiakor gisa sendotzeko duen estrategiaren parte da.
Eremu horretan Bizkaiak dituen indargune nagusietako bat da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide diren ezagutza-zentroen ekosistema askotariko eta dinamiko bat izatea. Zentro horiek erakusten ari dira ezagutza sortzeko zein hura ekoizpen-sarera eraginkortasunez transferitzeko duten gaitasunak eragina duela lurraldearen berrikuntzan nahiz lehiakortasunean.
Laguntza-programak bi lerro ditu:
- 1. lerroa. Ikerketa- eta garapen-proiektuetarako dirulaguntzak, I+G proiektu aplikatuak sostengatzera bideratuak, ezagutza enpresa-esparrura eraginkortasunez transferitzeko zuzeneko ikuspegiarekin.
- 2. lerroa. Ikerketa-, proba- eta esperimentazio-azpiegituretarako dirulaguntzak, Bizkaiko zentro zientifiko-teknologikoetako ekipamenduak indartzera bideratuak, funtsezkoak baitira transferentzia teknologikoko proiektuak bultzatzeko.
Bi lerroetarako eskabideak 2025eko maiatzaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dira.
2021ean abian jarri zenetik, agerian geratu da programaren eragin positiboa. Harrezkero, 6.223.693 euro inbertitu dira transferentzia teknologikoko proiektuak bultzatzeko eta puntako ekipamendu teknologikoaz hornitzeko Bizkaiko zentro teknologikoak, ikerketa kooperatiboko zentroak (CIC) eta Basque Excellence Research Centres zentroak (BERC). 2024an, 7 proiektu eta 9 azpiegitura finantzatu ziren programari esker. Hala, lurraldearen lehiakortasuna indartzeko funtsezko tresna gisa finkatu zen.