Euskaraldia, elkar mugituz egingo dugu lelopean, maiatzaren 15ean, ostegunean, 18:00etatik aurrera, Algortako Portu Zaharrean kokatutako Gure Zirkuaren karpan izango da Euskaraldiaren laugarren edizioari hasiera emango dion ekitaldia. Euskal Herriko herri administrazioen eta Tauparen arteko elkarlanean gauzatuko den euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena maiatzaren 15etik 25era izango da. Getxon horren sustapena arduratzen den batzordeak (Udalak eta Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteek osatuta) mota askotako jarduerak antolatu ditu herritarrek hizkuntza ariketan parte hartzera animatzeko, norberak bere rolarekin (Ahobizi, Belarriprest edo Irribizi). Izenematea hilaren 14ra arte egongo da irekita.  

Euskaraldiaren helburua hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, eta, horrez gain, entitateek euskaraz bizitzeko neurriak hartzea ere. Ildo horretan, Udalak eta erakunde autonomoek izena eman dute ekimenean entitate gisa parte hartzeko eta herritarrak animatzen dituzte era pertsonalean ere konpromisoa hartzeko. “Euskara gure altxorra da eta Udaletik, beste behin ere, euskararekin dugun konpromiso irmoa agertu nahi dugu. Horregatik euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldiarekin bat egiten dugu. Elkar mugituz egingo dugu, Getxo eta euskara bat eginda. Euskara maite dugulako!”, nabarmendu du Amaia Aguirre alkateak. 

Hasiera-ekitaldia

Maiatzak 15, 17:30etik aurrera, Andrés Isasi Musikalia bandak kalejira bat egingo du Etxetxu plazatik eta karparako sarrera ere girotuko du, ALBEko bertsolariekin batera. Bertan, azken hilabeteotan herrian egindakoaren laburpen-bideoa ikusi ahal izango da, rolen azalpena entzun, Gure Zirkukoen aktuazioarekin gozatu eta Irribizi rolari buruzko bideoa ikusi. Gainera, Getxoko Hamaikakoaren aurkezpena izango da, Euskaraldiaren manifestua irakurri eta txapa jartzea egin aurretik. Ekitaldiari amaiera emateko, Musikalia bandak Bulego taldearen Gure bihotzaren Taupadak abestiaren adaptazioa eskainiko du, Asier Ituarte Musika Eskolako irakasleak egindako moldaketekin. Hauxe izango da Getxok Euskaraldiaren aurtengo edizioari egindako aportazioa. Gomendatzen da bertaratu nahi duten pertsonek izena ematea: https://labur.eus/7dgv3qge  

Jarduera ugari

Euskararen erabilera Udalak eta herriko eragileek duten konpromisoa hamabostaldi honetan inoiz baino presenteago izango da, mota askotako jardueraren bidez, une eta toki desberdinetan. Horien artean, ostiralean, maiatzak 9, bingo musikala izango da Areetako Geltokia plazan, eta Algortako Geltokia plazan, igandean, maiatzak 12, dantza-plaza Ebats taldearekin, eta maiatzaren 14an, goizean herri kirolak; arratsaldean, Nola erabili euskara gehiago familian? izeneko merienda eta dinamika Aldai patronatuan eta Hau gerra bat da antzerkia Villamonteko Kultur Etxean. Hilaren 15ean irratsaioa izango da Bizkaia Irratiaren, Udaleko Komunikazio sailaren, Hirukaren eta Vinilo FMren eskutik, getxotarren partaidetzarekin (Bizkaia Irratian, 11:00etatik 13:0etara, zuzenean). Hurrengo egunean, ostiralean, maiatzak 16, Euskaraldia murala egingo dute Andra Mariko jaietan, Benta aurrean, eta maiatzak 17, Eskerrik asko Irribizi & Belarriprestei ekitaldia izango da.

Establezimenduak euskararen alde

Bestalde, Algortako Dendak merkatarien elkarteak bat egin du Euskaraldiarekin, Algortako dendak euskararen alde kanpaina osatuz, Udalaren laguntzarekin. Horretarako, establezimenduek beren erakusleihoetan hartutako rola erakutsiko dute tokiko artista batek egindako diseinuen bidez eta 5.000 paper-poltsa pertsonalizatu banatuko dituzte erosleen artean. Era berean, Getxoko Euskararen Laguna Saltokiek ere erakusleihoan Euskaraldiaren biniloa ipiniko dute.