Gune tenkatu izendapena jaso zuen Bizkaiko bigarren gunea den Galdakaok egoera hori arintzeko neurriak iragarri ditu astearte honetan goizean, apirilaren 29an. Iñigo Hernando alkateak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordearekin batera emandako prentsaurrekoan, hiru urteko epean 200 etxebizitza berri eraikiko direla azaldu egin du. Etxe horietatik 104 babestuak izango dira, 40 txandakako zuzkidura bizitokiak eta 54 libreak.
Galdakaoko 2. barrutian, tentsionatutzat jo den Aperribaiko eremuan, familien % 30ek diru sarreren % 30 baino gehiago erabiltzen dute alokairua ordaintzeko. Egoera horrek eman dio Aperribairi gune tenkatu izendapena, eta alkatearen esanetan horrek adierazten du etxebizitza alorrean neurri sendoak hartzeko premia dagoela. Eta ez bakarrik Aperribain, udalerri osoan baizik, “egoera orokorragoa delako eta irtenbide osoa eman behar zaiolako”, adierazi du. “Lehentasuna da Udalarentzat eta, beraz, hainbat neurri hartu ditugu dagoeneko”. Aurreko legegintzaldian gazteentzako eta guraso bakarreko familientzako eraiki ziren eta hilean 150 eta 360 euro bitarteko prezioan alokairuan eman ziren 60 bizitokiak jarri ditu adibidetzat, eta baita Etxebizitza Arloa sortu izana ere, horri esker Galdakaon bizitokia izateko eskubidea bermatzera bideratutako politikak abian jartzen ari baitira.
Bide beretik jarraitzearen aldeko apustua azpimarratu du alkateak, eta azaldu du udalaz gaindiko erronka denez, ezinbestekoa izango dela elkarrekin lan egitea, erakundeen artean; “Galdakaok hori bultzatzen jarraituko du”. Norabide horren baitan kokatu du Galdakaok Eusko Jaurlaritzari lur orube bat lagatzeko hartu duen erabakia, Jaurlaritzak bertan zuzkidura etxebizitzak eraiki ditzan. Hain zuzen ere, horixe izan da Hernandok eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek prentsaurrekoaren aurretik egindako bileran jorratu duten gai nagusietako bat. Galdakaoko udaletxean egindako lan bilera horretan izan dira baita ere Asier Egiraun, Galdakaoko Etxebizitza zinegotzia, eta Pablo Garcia Astrain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria.
De los Toyosek, bere partetik, honakoa adierazi du: “Etxebizitza eskuratzea zeharkako kezka bihurtu da, eta ez ditu profil sozialak bereizten. Badakigu arazo horrek klase ertainei ere eragiten diela, eta, horregatik, errenta atalase guztietarako irtenbideak eskaintzen ditugu”. Zentzu horretan nabarmendu du bere helburua “maizterrak babestea” dela eskaintza handitzen den bitartean. Izan ere, bere esanetan, “etxebizitzaren arazoak badu konponbidea”.
Jarduera plana
Ildo horretan, Galdakaoko Udalak eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak onartutako hiru urteko jarduketa planean aurreikusten da 104 etxebizitza babestu, Eusko Jaurlaritzak zuzenean sustatutako txandakako 40 zuzkidura bizitoki eta 54 etxebizitza libre eraikitzea.
Eraikuntza berriaz harago, garatu gabe jarraitzen duen etxebizitza babestu –publiko eta pribatu– gisa kalifikatutako lurzoru guztia aktibatzea aurreikusten du planak, De los Toyosek adierazi duenez: “Euskadin 75.000 etxebizitza babestu hartzeko gai diren lurzoruak ditugu eta, Galdakaon, lurzati bakoitzaren azterketa xehatua egingo dugu, lurzoru hori desblokeatzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko”.
Era berean, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko estrategia indartuko da. Ildo horretan, eta bere udalerriari begira, Galdakaoko alkateak aitortu du galdakoztarrek beren bizi proiektua herrian garatzeko aukera izatea nahi bada, hutsik dagoen etxebizitzari irteera eman beharko zaiola. “Herrian 961 etxebizitzatan ez dago inor erroldatuta eta ehunka galdakoztar daude etxebizitzarik gabe, Etxebiden eskatzaile; ez da zentzuzkoa”.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Aperribain bakarrik 75 etxebizitza zenbatu dira inor erroldatu gabe, eremuko parkearen % 9,4, udalerriko batez bestekoa baino zifra handiagoa (% 8,8). Egoera horri buelta emateko, Bizigune programa bultzatuko da, beren etxebizitzak alokairu babestuari lagatzen dizkiotenentzat pizgarri fiskal erakargarriekin, bai eta OHZren hobariak ere, % 75erainokoak. Gaur egun 124 etxebizitza Bizigune programaren barruan daude, eta 1 ASAP programaren barruan dago Galdakaon. Programa horrek OHZren % 50eko errekargua aplikatzen die hutsik dauden etxebizitzei.
Egoera ikusirik, hutsik dauden etxeen alokairua sustatzeko Udalak hainbat laguntza lerro sortu dituela gogoratu du Hernandok, eta abian jarriko dituela bankuen, putre funtsen edo edukitzaile handien etxeei kanonak aplikatzeko prozedurak. Bestetik, eskumena duten administrazioei dei egin die eremu tentsionatuak izendatzeko baldintzak malgutu ditzaten, horrela etxebizitzaren prezioari muga jarri ahal izateko, modu homogeneo eta orokortuagoan.
Planaren beste zutabeetako bat egungo hiri sarea optimizatzea da. Eusko Jaurlaritzak Galdakaoko Udalarekin lankidetzan jardungo du udal ordenantzak eguneratzen, besteak beste, neurri hauek ahalbidetzeko: tamaina handiko etxebizitzak zatitzea, merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzea eta behe-solairuetan lanbide jarduerak birkokatzea.
Beste datu batzuei dagokionez, Galdakaon erroldatutako 53 pertsonak aitortua dute Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa (DSV). Gainera, Udalak 2023an 600.000 euro inguru bideratu zituen etxebizitzarekin lotutako larrialdi-laguntzetara, eta 184 bizikidetza unitateri egin zien mesede. Eusko Jaurlaritzak, bere partez, 14 pertsonari ematen die laguntza Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren bidez (EPE), eta 92ri Gaztelagun programaren bidez. Programa horrek, aldi berean, 78 espediente gehiago ditu azterketa-fasean. Halaber, Etxebideren erregistroan 1.474 pertsona daude izena emanda Galdakaon, eta horietatik 1.103k (% 75ek) alokairuko etxebizitza eskatzen dute.