Astelehen honetatik maiatzaren 19ra bitartean, auzoetan jaiak egiteko dirulaguntzak eskatzeko epea izango dute tokiko kultur erakunde eta eragileek. Horretarako, Udalak 50.000 euroko aurrekontua bideratuko du aurten, tokiko tradizioak sustatzen dituzten jarduerak egiten laguntzeko. Eskaerak Udalaren webgunean egin behar izango dira.
2025eko lehenengo Osoko Bilkuran erabaki zen urte honetatik aurrera dirulaguntza horiek emateko prozedura konkurrentziaz tramitatzea. Beraz, hemendik aurrera hainbat alderdi baloratuko dira, hala nola genero ikuspegia txertatzea, euskara, inklusioa eta kulturartekotasunarekin lotutako balioak, etab. Auzo bakoitzeko puntuaziorik handiena lortzen duen proposamena izango da dirulaguntza jasoko duen bakarra, hainbat eskatzailek programatutako jarduerak gainjartzea saihesteko.
Deialdi honen bidez, Aperribai, Bekea, Olabarrieta, Erletxe, Iberluze, Urreta, Bengoetxe, Tximelarre Bekoa, Tximelarre Goikoa, Elexalde, Zuhatzu eta Zabalea auzoetako jai ekitaldiak diruz lagunduko dira, horiek udalerrirako duten eraginagatik. Era berean, beste kokaleku batzuk kontuan hartu ahal izango dira, baldin eta aurretik jaiak antolatu badituzte.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak
Dirulaguntza jaso ditzaketen gastuak proposatutako jai jarduera garatzeko beharrezkoak izan beharko dira. Halakotzat hartuko dira animazioa, musika, aisialdia, zerbitzu edo ekipamenduetarako sarrerak, garraioa, garaikurrak edo publizitate gastuak, besteak beste.
Dirulaguntza hauek bateragarri izango dira jaso daitezkeen beste batzuekin, baina jasotako kontribuzioen baturaren zenbatekoa ez da inola ere garatzen den jardueraren kostua baino handiagoa izango. Nolanahi ere, laguntzak gauzatu beharreko proiektuaren zenbatekoaren % 100era irits daitezke. Informazio gehiagorako 94 4010 05 72 telefonoa dago eskuragarri interesdunen esku.