Bizitzaren azken etapako zainketa aringarriei buruzko hitzaldia jasoko du Galdakaok
Topaketa Gandasegi eskolan izango da, 17:30ean. Sarrera doakoa da
Galdakaoko Udalak, Zainduz programaren baitan, eta herriko anbulatorioarekin lankidetzan, ‘Gure bizitzaren bidaia zaindu: ekipajea prestatzen’ hitzaldia antolatu du. Topaketan bizitzaren azken tarteari nola aurre egin eta horretarako zelan prestatu aztertuko da, bizitza etapa desberdinetatik igarotzen den zeharkaldi gisa ulertuz. Hitzordua maiatzaren 8an, osteguna, izango da, arratsaldeko 17:30ean, Gandasegi eskolako areto nagusian. Sarrera doakoa da eta ez da beharrezkoa izena ematea.
Hitzaldia Julio Gomez Cañedo doktoreak emango du, Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko zainketa aringarrien zerbitzuko koordinatzailea 20 urte baino gehiagoz izandakoa. Ospitale bereko Arreta Psikosozialeko taldeko zuzendaria ere bada 2008 urtetik. Zainketa aringarrietan espezializatu zen 2004an Deustuko Unibertsitateko graduondoarekin eta 2006an Valladolideko Unibertsitateko masterrarekin. Profesionala Arinduz Euskadiko Zainketa Aringarrien Elkarteko lehendakariordea da.
Gomez Cañedok nazioarteko esperientzia ere badauka: 1996tik 2001era Quito (Ekuador) hirian baztertuta dauden auzoetako osasun eta garapen proiektuak koordinatu zituen. Dibulgazio lanetan ere aritzen da eta ‘La hora de la verdad’, ‘Cuidar siempre es posible’ eta ‘Desde la compasión’ liburuak argitaratu ditu, eta ‘Mi vida al final de su vida’ literatur lanean parte hartu du. Horietan, bi hamarkada baino gehiagoz pazienteekin, familiekin eta arloko profesionalekin egindako lanak eman dion esperientziatik abiatuta heltzen die zainketa aringarriei.
Bizipen horiek guztiek bizitzaren bidaiari buruzko ikuspegi ugari eta azken etaparako prestatzeko modu ezberdinak eman dizkiote. Beraz, ezagutza erabilgarriak eta laguntza emango dizkie gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten pertsonen senideei eta zaintzaileei, bizitzaren tarte horri ahalik eta modu naturalenean aurre egin diezaioten. Gainera, hitzaldiaren ondoren elkarrizketarako eta hausnarketarako tarte bat egongo da. Bertan doktoreak bertaratutakoen galderei erantzungo die.