Síguenos en redes sociales:

Auzoetan datozen bi urteetan garatuko diren 12 proiektu nagusietan 4 milioi eurotik gora bideratuko ditu Udalak

Fokoa auzoetan jarrita, iristear diren egitasmo nagusien berri eman du Udalak. Igogailuak, aisialdirako esparruak, azpiegiturak eta kirol guneak barnebiltzen ditu planak, besteak beste

Azken urteetako bideari jarraituta eta jasotako esperientziatik abiatuz, herriko auzoetan egiten duen inbertsioa handitzeko erabakia hartu du Galdakaoko Udalak. Ildo horretan, datozen bi urteetan gauzatuko dituen 12 proiektu biltzen dituen plana aurkeztu du. Horiek aurrera eramateko 4 milioiko inbertsioa aurreikusten da eta, horiez gain, auzo guztietan esku hartze orokorrak ere egingo dira. 

Agerraldia eginda aurkeztu du plana udal gobernuak, Iñigo Hernando Arriandiaga alkatearen eta Asier Egiraun Hirigintza zinegotziaren ahotik. Gobernu taldea osatzen duten hiru taldeetako ordezkarien babesa ere izan dute; Amets Iturbe zinegotzia izan da EH Bilduren izenean, Toño Gonzalez Auzoak-en izenean eta Iñaki Urgoiti UH-ren ordezkari. 

Hernandok esan duenez, “herritarrekin izandako hartu emanetatik eta parte hartze prozesutik ikasitako guztia barneratuta, jauzi kualitatibo bat emateko unea da”. “Ez da bide berria eta irisgarritasun arazoak, adibidez, auzo askotan hobetu dira, Aperribain eta Tximelarren, esaterako”, azpimarratu du. Helburu argi batekin jardun du: “herri orekatua lortzea auzoetako izaera komunitarioa indartuz”. Gobernu talde guztiaren arean diseinaturiko plangintza hau “herritar guztientzat onuragarria” izango dela adierazi du; auzoetako bizi kalitatea hobetuko dela eta euren izaera komunitarioa indartuko dela. 

Egiraunek “herritarrentzat oso aberasgarria izango den” planak biltzen dituen egitasmo nagusien berri eman du. Hurrengoak dira aurreikusitako esku hartzeak: 

  • Kirol kantxa Aperribain. Bolera izeneko tokia berriztu egingo da eta bertan kokatuko da kirolgunea. 
  • Gune bio-osasungarria Aperribain. Mugikortasuna eta koordinazioa lantzeko makinak jarriko dira. Kirol kantxaren ondoan egongo da eta bi proiektuen artean 100.000 euroko inbertsioa izango dute. 
  • Aperribaiko 5. igogailua. Aperribai 9tik ikastetxearen altueran geldialdia izango duen eta Aperribai 25eraino helduko den igogailua egingo da. 1.300.000 euroko inbertsioa
  • Olabarrietako irisgarritasun plana idaztea. Bertako bizilagunek ordenazio falta dagoela helarazi dute eta, ondorioz, honi erantzun diezaiokeen proposamen bat idaztea eskatuko da. 18.000 euroko inbertsioa.
  • Jugun argiteria berria jartzea, asfaltatua hobetzea. Erdigunetik urrutien dagoen auzoa da Jugu eta denbora da berrikuntzak behar dituela. 80.000 euroko inbertsioa aurreikusten da.
  • Ur hornikuntzaren hoditeria aldatzea. Esku hartze sakona aurreikusten da bertan. 121.000 euroko inbertsioa.
  • Musika eskolaren aurreko aterpea jartzea. Musika eskola aurrean dagoen plazan geldialdi eroso bat egiteko tokia atondu nahi da eta, horretarako, gunearen zati bat estali egingo da eta hiri altzariak jarriko dira. 100.000 euroko inbertsioa
  • Urretako eskolan hezikidetzarako jolastokia egokitzea eta jantokiko lurra aldatzea. Jantokiko lurra urtero atontzen da eta aldatu beharra ikusten da. Jolastokian, berriz, espazioa beste modu batera antolatu eta jolasteko mota berrietara egokitzeko beharrari erantzungo zaio, ikasleek aukera berriak izan ditzaten. 88.000 euroko inbertsioa
  • Txomin Egileor kalea eraldatzea. Urbanizazio berria egingo da: norabide bakarreko errepidea jarriko da, espaloiak handitu egingo dira, bizikletentzako ibilbide bat egingo da eta hiri altzariak aldatuko dira. 1.800.000 euroko inbertsioa.
  • Trokatik Bengoetxerako bidea atondu, garbitu eta argiztatzea. Bide hau errazago erabili ahal izateko asmoz, hobekuntzak egingo dira bertan. 30.000 euroko inbertsioa.
  • Zubiaurretaurren kaleko igogailua. Denbora da igogailu hau eskatzen ari direla auzotarrak eta lurraren kudeaketarekin hastea erabaki da. 600.000 euroko inbertsioa
  • Kale liburutegiak Txistulandan, Bengoetxen eta Berezikoetxen. Auzotarren artean irakurzaletasuna indartzeko asmoz.

Horiez gain, “auzo guztietan banatuko diren esku hartze orokorrak ere egingo dira”, Egiraunek jakinarazi duenez. Horretarako beste 1.300.000 euro bideratzea aurreikusten da: 600.000 euro asfaltatuetan, 300.000 kale mantenuan, 600.000 argiteria berriztean, 95.000 lorezaintzan eta 280.000 zabor bilketa neumatikoan. Gainera, “laster Udalarentzat garrantzitsua den Auzo Taxia ere martxan jarriko da 25.000 euroko aurrekontuarekin”, nabarmendu du zinegotziak.

Beste aldetik, Bekeako zubia eta Zuatzaurreko eta Urtebietako igogailu edo arrapalen proiektuak ez direla plangintza honetan jaso gogorarazi du, “prozeduren nolakotasunagatik hasiera data eta aurrekontua oraindik zehaztu gabe daudelako”. Horiek “dagoeneko martxan daude eta errealitatea izan daitezen pausoak ematen ari dira, baina orain egin beharrekoak exekuzio proiektuak dira”.