Síguenos en redes sociales:

23 gaztek hartuko dute parte Señeak Bizkaia Rock Kanpusean

Ekimenak 80 gazte baino gehiago erakarri ditu, eta azkenean 23 musikari gazte hautatu dituzte

23 gaztek hartuko dute parte Señeak Bizkaia Rock KanpuseanBFA

Bizkaiko 23 gaztek hartuko dute parte datorren astean Lauaxeta Ikastolan ospatuko den Señeak Bizkaia Rock Kanpusean. Bizkaiko Foru Aldundiak Señeak elkartea eta Lauaxeta Ikastolarekin batera martxan harritako egonaldi honek musikarien talentua sustatzea du helburu, musikaren bitartez pentsamendu kritikoa, sormena eta talde-lana bultzatzen dituen bitartean. Gainera, partaideek musika-trebetasunak garatzeaz gain, bizitzarako baliagarriak izango diren gaitasun pertsonal eta sozialak ere landuko dituzte.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatua Leixuri Arrizabalagak adierazi bezala "Bizkaiko gazteen artean talentu musikal handia dago. Horregatik, bide eta aukera berriak irekitzearen aldeko apustua egin dugu, pertsona eta artista gisa hazteko. Espero dugu Señeak Bizkaia Rock Campusa erreferente bihurtzea Bizkaiko hezkuntza- eta kultura-eskaintzan, non gazteek beren musika-trebetasunak garatu ahal izango dituzten eta musikan beren hazkunde pertsonalerako bidea aurkitu ahal izango duten."

Ekimenak 80 gazte baino gehiago erakarri ditu, eta azkenean 23 musikari gazte hautatu dituzte, "maila artistiko bikaina" erakutsi dutelako. Alex Sardui, Señeak elkarteko kideak adierazi duenez "Hasierako aurreikuspena 20 parte-hartzailekoa bazen ere, izandako maila ikusita, talde zabalago bat osatzea erabaki dugu." Bestalde, Ekain Alzolak, honako hau nabarmendu du: "Harrobi ederra dugu Bizkaian. Gure ardura da gazte hauen motibazioa piztea eta musika zaletasuna indartzea."

Gazte hauek instrumentu ezberdinak jotzen dituzten musikariak dira: bost gitarra-jole, sei abeslari, lau piano-jole, lau bateria-jole eta lau baxu-jole. Jatorriak ere anitzak dira: Elorrio, Lekeitio, Igorre, Gernika, Zornotza, Erandio, Leioa, Usansolo, Getxo, Santurtzi, Trapaga, Sestao, Dima, Bilbo eta Durango.

Programa eta egonaldia

Kanpusa apirilaren 21etik 26ra ospatuko da, sei egun eta bost gau iraungo dituen egonaldian. Goizez, gazteek instrumentu klase pertsonalizatuak jasoko dituzte euskal musikari ezagunekin; arratsaldeetan, berriz, talde-entseguak, jolasak, arte-sorkuntzako tailerrak eta bestelako aisialdi jarduerak izango dituzte.

Egitaraua bi zatitan banatuta dago:

  • Goizez: teoria musikala, praktika instrumentala eta sorkuntza artistikoa.
  • Arratsaldez: irteerak, kirol ekintzak eta talde-proiektuak.

Irakasleei dagokionez honakoak izango dira Alex Sardui eta Ekain Alzolarekin batera: Aitor Lacalle eta Garikoitz Ortiz de Villalba (Gitarra eta teklatua, ETS, )Onintze Garcia Arana (Gitarra eta Ahotsa, Seiren, Galder Izagirre), Jon Fresco Pelissier (Bateria. Ken Zazpi). Eta monitore lanetan Maialen Ozamiz eta Jon Etxeberria.

Musika-ikaskuntza euskal sortzaile eta musikari ezagunekin egingo dute; eta artistak bisitan etorriko dira gazteekin lan egitera. Aisialdirako jarduerak Lauaxeta Ikastolako begirale esperientziadunek gidatuko dituzte.

Amaierako kontzertua Zornotza Aretoan

Kanpusaren azken egunean, apirilaren 26an, parte-hartzaileek doako kontzertu irekia eskainiko dute Zornotza Aretoan. Bertan, aste osoan zehar ikasitakoa taularatuko dute, euren irakasle eta musika-erreferenteekin batera.

Esperientzia paregabea izango da musika-maite duten nerabeentzat, eta Bizkaian musika hezkuntzak eta sormenak duten indarraren erakusgarri bikaina.