Durangora helduko da NAN eta pasaportea izapidetzeko bulego mugikorra
Apirilaren 29an eta 30ean, eta maiatzaren 21ean eta 22an Ezkurdi plazan jarriko da
Joan den astean ezagutzera eman zuten Polizia Nazionalaren Dokumentazio Mugikorreko Bulegoaren zerbitzua lurraldeko hainbat udalerri bisitatuko dituela. Bada, aste honetan Durangoko Udalak ezagutzera eman du zerbitzu hori udalerrian eskainiko dela apirilaren 29an eta 30ean, eta maiatzaren 21ean eta 22an.
Bertan herritarrek NANa eta pasaportea eskatu edo berritzeko, baita NAN elektronikoaren ziurtagiri digitalak aktibatzeko aukera izango dute, beste udalerri batzuetara joan beharrik gabe.
Unitate mugikorra Ezkurdi plazan jarriko da, ONCEko kioskoaren ondoan, eta 09:00etatik 13:00etara bitartean eskainiko du arreta. Dena den, hitzordu berriak jasotzeko azken ordua 12:30ak arte izango da.
Ekimen honek oinarrizko izapideak egitea erraztea du helburu, batez ere bulego finkoetara joateko zailtasunak dituztenentzat.
Honako izapide hauek egin ahal izango dira:
- NANaren jaulkipena edo berritzea
- Pasaportearen jaulkipena edo berritzea
- NAN elektronikoaren ziurtagirien aktibazioa
Barne Ministerioak ezarritako prezioak 12 euro dira DNI bakoitzeko eta 30 euro pasaporte bakoitzeko, eta tramitea egiten den unean eskudirutan ordaindu beharko dira. NAN elektronikoaren aktibazioa doakoa da.
Hitzordua eskatzeko, interesdunek Herritarren Arretarako Zerbitzura jo behar dute, aurrez aurre Barrenkale 17n, edo telefono bidez 94 603 00 00 zenbakira deituz. WhatsApp bidezko hitzordu eskaerak ez dira onartuko.
Zerbitzu honek aldizkako izaera du eta data zehatzak udalaren kanal ofizialen bidez iragartzen jarraituko da.