Romoko Caja de Ahorros kalearen hasieran instalatutako bi bolardo erretraktilez osatutako sistema datorren astelehenean, hilak 14, jarriko da martxan. Horri esker, ibilgailuen zirkulazioa murriztu ahal izango da eremu horretan, eta kalea oinezkoentzat izango da erabat, egunean hainbat orduz.
Instalatutako bolardo edo euskarri bikoitzak irekiera automatikoko kontrol-sistema bat du, matrikula kamera baten bidez identifikatzen duena, baita urruneko irekiera eta eskuzkoa ere. Astelehenetik larunbatera, 12:00etatik hurrengo eguneko 08:00etara egongo da aktibatuta, eta igandeetan 24 orduz. Beraz, baimendutako ibilgailuak baino ezin izango dira ibili kale horretatik edozein ordutan: udal zerbitzuetako ibilgailuak (hala nola garbiketa eta hondakinen bilketa, lorezaintza, argiteria, brigada eta Udaltzaingokoak) eta Caja de Ahorros kaleko 2. zenbakitik 14ra eta 1. zenbakitik 15era, Ibaiondo kaleko 10, 12, 9, 11 eta 13. zenbakietan, eta Kresaltsu kaleko 6. zenbakiko atarian erroldatutako egoiliarren autoak. Zamalanak, bestalde, 08:00etatik 12:00etara egongo dira baimenduta, lanegunetan, larunbata barne.
Bi kartel jarri dira, bata Errekagane eta Ezequiel Aguirre kaleen arteko elkargunean, eta bestea Caja de Ahorros kalearen hasieran, “oinezkoentzako gunea eta zirkulatzea debekatuta, baimendutako ibilgailuak izan ezik” seinalearekin, zamalanetarako ordutegiarekin eta Udaltzaingoaren intzidentzietarako telefono zenbakiarekin: 944 660 093.
“Jarduera honek Santa Eugenia plazara joaten diren eta plaza hori erabiltzen duten pertsonen segurtasuna areagotuko du, batez ere adingabeena. Izan ere, gune horretan ohikoak diren gurasoek kezka hori adierazi diote udalari. Gainera, Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatutako jarduera bat da, Emisio Gutxiko Eremuak (EGE) gaitzeko, airearen kutsadura murrizteko helburuarekin”, azpimarratu du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Horrelako eremuak, Getxon garatzen ari direnak, isolatuak edo puntualak izan daitezke, hau da, eremu edo kale bakar batera mugatu daitezke, ordutegi murriztuekin.