Síguenos en redes sociales:

Getxoko 70 ikaslek Jardunaldi Tekniko batean parte hartu dute

Udalerriko ekosistemak eta biodibertsitatea ezagutzeko helburuarekin

Getxoko 70 ikaslek, guztira, hamar irakaslerekin batera, udalerriko ekosistemei eta biodibertsitateari buruz ikasteko eta kontzientziatzeko helburuarekin Jardunaldi Tekniko batean parte hartu dute aste honetan. Fadurako kiroldegian egin da jardunaldia Eskolako Agenda 2030 programaren barruan.

Jardunaldiak bi saio izan zituen. Lehenengoan, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendua, Inazio Gonzalo erlezaina gure inguruan aurki ditzakegun espezie inbaditzaile desberdinei buruz mintzatu zen, haiek gure ekosistemetara dakartzaten eraginak azalduz. Bigarren saioan, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua, Xabier Buenetxea baso ingeniari teknikoak inguruan ditugun animaliez hitz egin zuen.

Guztira, Getxoko 12 ikastetxek hartzen dute parte Eskolako Agenda 2030 proiektuan. Programa horren bidez, ikasturte bakoitzean ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotutako gai bat lantzen da. Hain zuzen ere, aurten 15. Garapen Iraunkorrerako Helburua (GIH) lantzen ari dira: “Lurreko bizitzaren ekosistemak”. Programaren fase desberdinetan zehar, ikastetxeek 15. Garapen Iraunkorrerako Helburuarekin lotutako hainbat jarduera egin dituzte. Adibidez, Getxon, ikasleak kalera atera dira herriko lurreko ekosistema desberdinak aztertzera eta eskola-inguruan dituzten eremu naturalak kokatzera, horien garrantziaz ohartarazteko. Horrez gain, umeek inguruko biodibertsitatearen diagnostiko bat egin dute, hiriko faunaren eta landaren espezie ohikoenak ezagutuz eta giza jarduerek biodibertsatean izan dezaketen eraginez hausnartuz.