Bizkaiko Foru Aldundiak 500.000 euroko aurrekontua bideratuko du Bizkaia Sortzailea 2025 programaren deialdi berria garatzeko. Programa honek lurraldean sormen-sektorearen hazkundea eta finkapena sustatzea du helburu.

Hala, Bizkaiak sendotu egingo du lurralde eta hiri sortzaileen nazioarteko sareetan duen posizionamendua, eta sektore horretara talentua erakartzea erraztuko da.

Bizkaia Sortzailea programako laguntzen helburu nagusiak honako hauek dira:

  • Lehendik dauden edo sortu berri diren enpresetan proiektu sortzaile berrien garapena bultzatzea.
  • Proiektu berritzaileen nazioartekotzea bultzatzea, eta, hala, Bizkaia sormenaren mapa globalean kokatzea eta talentua lurraldera erakartzea.
  • Enpresa sortzaileen hazkundea azeleratzea, haien lehiakortasuna eta iraunkortasuna sustatuta.
  • Bizkaian sormen-sektorea finkatzen eta dinamizatzen laguntzen duten ekimen estrategikoak laguntzea.

Ekonomia Sustatzeko Sailak kudeatzen du programa hau, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ekosistema ekintzailea indartzeko eta ezagutzaren ekonomiari laguntza emateko duen estrategiaren barruan sartzen da. 

Deialdia kulturaren eta sormenaren sektoreko enpresa eta profesionalentzat da, betiere beren jarduera Bizkaiko Lurralde Historikoan garatzen badute eta jarduera nagusia ikus-entzunezkoen, bideojokoen, modaren eta produktuen eta zerbitzuen diseinu industrialaren esparruetan garatzen badute. Lurraldeko irabazi-asmorik gabeko elkarte sektorialek ere jaso dezakete laguntza hau, baldin eta jarduera nagusia arkitektura, artisautza, ikus-entzunezkoak, komunikazioa, eduki digitalak, diseinua, barne-diseinua, moda edo bideojokoak sustatzea bada. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 85.000 € izango da, enpresa berrientzat, eta 40.000 euro, berriz, jardunean ari diren enpresentzat eta elkarteentzat.

Eskabideak aurkezteko epea 2025eko apirilaren 28an hasi, eta 2025eko maiatzaren 26an amaituko da. Deialdia eta oinarri arautzaileak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratuko dira, eta baldintzei, epeei eta prozedurei buruzko informazio guztia Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean (www.bizkaia.eus) eskuratu ahal izango da.