Ontzi arinak hobeto biltzeko eta ontziak bereiztean gero eta akats gutxiago egitea dira Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri berri duen 'Horia da/Ez da horia' izeneko kontzientziazio-kanpainaren helburu nagusiak. Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikitako Garbiker sozietate publikoaren bidez jarri da martxan kanpaina hau.

Ontzi arinak biltzeko orduan ikusi den arazo nagusietako bat da argi ez izatea zer hondakin bota behar diren edukiontzi horira. Askotan, oker ibiltzen gara eta edukiontzi hori eta plastikozko edozein objektu lotzen ditugu; ondorioz, hondakin-banaketa okerren tasa handia sortzen dugu, eta birziklatze-prozesua zaildu. Halaber, beste material batzuetako ontzi arin batzuk ere, hala nola latak eta brikak, behar ez den edukiontzian sartzen ditugu, eta horrek eragina dauka hondakinak tratatzeko sistemaren eraginkortasunean.

Arazo horri aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak 'Horia da/Ez da horia' kanpaina abiarazi du. Atzo hasi da kanpaina hori, Bilbon, Foru Jauregiaren aurreko ekitaldi batean, eta Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu Arantza Atutxa izan dira bertan. Biek azpimarratu nahi izan dute edukiontzi horia ontzi arinetarako baino ez dela, materiala edozein dela ere, eta kanpaina honen helburua jatorrian bereizketa hobetzea dela, birziklatzearen kalitatea hobetzeko.

Era berean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu du birziklatzea garrantzitsua dela eta lurraldea hondakinen bilketaren eta sailkapenaren buruan dagoela. Era berean, nabarmendu du, emandako aurrerapausoak gorabehera, oraindik ere badagoela zer hobetu frakzio horretan, bai gaikako bilketan, bai ondorengo sailkapenean. Bestalde, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatu Arantza Atutxak, kanpainaren alderdi berriak zehazteaz batera, haietariko bakoitzak Bizkaiko hondakinen kudeaketari ekarriko dion hobekuntza ere azaldu du.

2024an, Bizkaian, historiako maila gorena lortu zen ontzi arinen bilketan; izan ere, 22.179 tonako guztirako bolumena hartu zen, hau da, % 4,01eko igoera izan zuen aurreko urtearen aldean. Hala ere, edukiontzi horian gaizki sartu direnen ehunekoa esanguratsua da oraindik, nahiz eta Estatuko ehunekorik txikienetako bat den, % 21 ingurukoa da eta.

Herritarrak kontzientziatzeaz gain, Bizkaiko Zabor Birziklategia (BZB) ireki berri da, eta hondakinak tratatzeko planta horrek ehuneko hori murrizten lagunduko du. Instalazio horrek material gehiago berreskuratzea eta lurraldean birziklatzea eraginkorragoa izatea ahalbidetuko du.

Azoka ibiltaria eta ontziak harrapatzeko jokoa

Ekimen horretan garatutako ekintzen artean, azoka ibiltari bat dago. Bizkaiko 12 udalerritara eramango da, eta herritarrak sentsibilizatzeko jarduera interaktiboak izango ditu, 10:00etatik 15:00etara. Espazio horietan, erakustaldirako bi edukiontzi jarriko dira, bata horia eta bestea urdina, modu praktikoan azaltzeko edukiontzi horian hondakinetako zein sartu behar den eta zein ez. Era berean, familia-tailerrak ere egingo dira, eta parte-hartzaileek jolasen bidez ikasiko dute ontzi arinen gainean. Azoka ibiltaria atzo hasi zen Bilbon, eta Barakaldo, Zalla, Mungia, Basauri, Santurtzi, Durango, Erandio, Bermeo, Plentzia, Markina-Xemein eta Sopelako udalerrietan barrena ibiliko da, abuztuaren 30era arte. Ibilbide horretan, kaleko antzerki-ikuskizunak egingo dira; aktoreak jende artean eta jendearekin harremanetan arituko dira, sentsibilizazio-mezuak indartzeko. Halaber, kanpaina, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak aurreratu duenez, kirol-ekitaldi handietan izango da, jende asko biltzen dela aprobetxatzeko, eta, horrela, birziklatze-mezua helarazteko eta hondakinen bereizketa hobea sustatzeko.

Hondakin Go! gailu mugikorretarako jokoa ere aurkeztu da, Garbikerrek garatua. Joko horrek erabiltzaileei aukera ematen die jolasaren bidez hondakinak behar bezala sailkatzen ikasteko. Hondakin Go! jokoa deskargatu ondoren, jolasten ibiltzen diren guztiek parte hartuko dute automatikoki lehiaketa batean: objektuak ondo harrapatzen eta birziklatzen - ahalik eta puntu gehien lortzen saiatzen -. Lehiaketa apirilaren 2tik abuztuaren 31ra bitartean egingo da, eta sailkatzen diren lehenengo hogei pertsonek 50 euroko opari-txartel bat jasoko dute, Bizkaiko KOOPERA STORE sarean erosketak egiteko; horretaz gain, lehenengo hiru sailkatuek beste opari-txartel bat jasoko dute, 600 eurokoa, 400 eurokoa eta 200 eurokoa, hurrenez hurren; azkenik, laugarren postutik hamargarrenera bitartekoek 100 euro jasoko dute kirol-materialetarako dendetan erabiltzeko.

Bizkairezikla

Birziklatzeko orduan sarrien agertzen den arazoetako bat da jakitea zein edukiontzitan utzi behar den hondakin mota bakoitza. Arazo hori Bizkairezikla tresna digitala erabiliz konpondu ahal da. Tresna hori Garbiker foru-sozietate publikoaren web-orrian dago, eta, bertan kontsultatu ahal da katalogoko (6.000 hondakin baino gehiagokoa) hondakin bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den. Hondakin horiek 19 kategoriatan sailkatuta daude: elikadura; haurtxoak; brikolajea; elektronika eta etxetresna elektrikoak; ontziak; higienea; argiteria; informatika eta telefonia; jolasak, jostailuak eta kirolak; eskolako eta bulegoko materiala; botikak; etxeko gauzak; altzariak; ibilgailuak; etxeko obrak; pilak eta bateriak; ehunak eta osagarriak; garbiketa, eta beste batzuk.

Kanpaina horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sendotu nahi du hondakinak kudeatzeko sistema hobetu eta herritarrak sentsibilizatzeko konpromisoa, birziklatze-prozesua optimizatzeko eta gizartean ohitura jasangarriagoak sustatzeko.