Maiatzean ospatuko da Markinako Baserri Eguna
Hori dela eta, parte hartu nahi duten abeltzain eta ekoizleek izena emateko epea zabalik dute martxoaren 28ra arte
Maiatzaren 10ean Baserri Egunaren edizio berri bat ospatuko da Markina-Xemeinen, eta parte hartu nahi duten abeltzain eta ekoizleek izena emateko epea ireki da.
Udalak adierazi duenez argi dute lehen sektorearen garrantzia orokorrean “eta gure eskualdean bereziki. Horrela, garrantzi berezia hartzen dute berau sustatzeko ekintzek zein nola azokek, hauek duten garrantziagatik ekonomiarentzat, nekazaritza dibertsitatearentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat eta kontsumo jasangarriarentzat”.
Bestalde, landa eremuaren garapena helburu izanik, azpimarratu dute “oinarrizkoa da ustiategi txikien bidez produkzio tradizionalaren eredua mantentzea eta berau herritarrengana hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topaketa eta salmenta gune bat sor dadin, azken hauek, berton ekoiztutako elikagaien balioaz jabetzeko”.
Parte-hartzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da Lea Artibaiko Landa Garapeneko Elkartearen bulegoan edo landagarapena@leartibaifundazioa.eus helbide elektronikora bidali martxoaren 17tik 28ra, biak barne.