'Vida' obra ikusgai egongo da Durangoko San Agustin kulturgunean
Bildutako diru guztia minbiziaren ikerkuntzara eta gaixoei eta haien senideei laguntzeko zerbitzuetara bideratuko da
Durangoko San Agustin kulturguneak 'Vida' izeneko antzezlana antolatu du, Minbiziaren Aurkako Elkartearekin eta La Red Teatro konpainiarekin batera, minbiziaren aurkako borrokan babesa eskaintzeko. Obra apirilaren 30ean egingo da, eta bildutako diru guztia minbiziaren ikerkuntzara eta gaixoei eta haien senideei laguntzeko zerbitzuetara bideratuko da.
Kalitate handiko antzerki-esperientzia eskaintzeaz gain, ekimen honen helburua herritarrak sentsibilizatzea da prebentzioaren, laguntzaren eta ikerketaren garrantziaz minbiziaren aurkako borrokan. Minbiziaren Behatokiaren arabera, 2030ean 317.000 kasu berri diagnostikatuko dira Espainian, eta horrek erronka handia ekarriko du pazienteak eta haien senideak artatzeko. Durangon, Minbiziaren Aurkako Elkarteak 20 boluntario eta 505 bazkide ditu, eta 2025ean 18 pertsona berri artatu ditu dagoeneko, baita aurretik laguntza jasotzen zuten 11 pazienterekin jarraitu ere.
Istorio bat, publikoarekin konektatzen duena
La Red Teatro konpainiaren ‘Vida’ antzezlanean Maite Lorenzo eta Juanma Cano dira protagonistak, eta Mikel Areitioaurtenak zuzendu du. Istorio honek ustekabeko albiste batek protagonistaren bizitzan duen eragina aztertzen du, baita iraganeko oroitzapenek eta emozioek bere bidean duten garrantzia ere. Antzezlanaren bidez, ikusleak hausnarketara gonbidatzen dira, bizitzako une bakoitzaren balioa eta auto-gainditzearen garrantzia azpimarratuz.
Durangoko Udaleko alkateorde Jesica Ruizek ekimenaren garrantzia azpimarratu du: "Udalak arteak eta kulturak gizartea eraldatzeko tresna gisa duten boterean sinesten du. Antzezlan hau babesteak, antzezlan hunkigarri batez gozatzeaz gain, guztioi eragiten digun kausa bati laguntzea ere esan nahi du. Herritarrak antzerkia betetzera animatzen ditugu eta, beste behin ere, Durango herri solidario eta konprometitua dela erakustera ”.
Bestalde, Besi Carreto Amantegik, Durangoko Minbiziaren Aurkako Elkarteko ordezkariak, ekimen mota honek duen garrantzia nabarmendu du: "Halako ekimenei esker, minbiziaren ikerketa finantzatzen jarraitu eta pazienteentzako eta haien senideentzako doako zerbitzuak eskaintzen ditugu. 2024an Durangon 18 pertsona berri artatu ditugu, eta dagoeneko elkarteko kide ziren 11 pazienteri laguntzen jarraitu dugu. Prebentzioa eta ikerketa funtsezkoak dira, eta gizartearen babesarekin bide horretan aurrera egin dezakegu”.
‘Vida’ antzezlanerako sarrerak San Agustin Kulturgunean erosi ahal izango dira martxoaren 19tik aurrera. Gainera, ‘0 ilararako' sarrerak erosi ahal izango dira, antzezlanera joan ezin direnei aukera emanez laguntza emateko eta kausa babesteko, esparruaren edukieran lekurik hartu gabe. Durangoko herritarrek kalitatezko kultur proposamen batez gozatzeko eta, aldi berean, bizitzak salbatzen dituen kausa bati laguntzeko aukera dute.