Urtero bezala, Amorebieta-Etxanoko Udalak martxan jarri du euskarazko ipuin laburren lehiaketaren edizio berri bat, maiatzean ospatuko den Euskaraldia dela eta antolatutakoa. Ekimen honen helburua da herritarren artean euskararen erabilera eta sormen literarioa sustatzea, eta horretarako, parte hartzeko bi kategoria egongo dira; 16 eta 22 urte bitarteko gazteentzat bata eta 23 urtetik gorako herritarrei zuzendurikoa bestea.
Ipuinak euskaraz idatzi beharko dira, euskara batuan edo bizkaieraz, eta originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Gainera, ezinbestekoa izango da aurtengo Euskaraldiaren leloari, Elkar mugituz egingo dugu, erreferentzia egitea. Ipuinek gehienez 3.000 karaktere izango dituzte, zuriuneak eta izenburua barne.
Lanaren aurkezpena eta epea
Parte hartu nahi dutenek euskara@amorebieta.eus helbidera bidali beharko dituzte ipuinak, eta zein kategoriatan lehiatzen diren adierazi (A kategoria edo B kategoria). Ipuinarekin batera, izen-abizenak, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta NANaren kopia bat erantsi beharko dira.
Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 4a izango da.
Sariak eta ipuinen argitalpena
Kategoria bakoitzeko irabazleak epaimahai bitartez aukeratuko dira eta hauek 400 euroko saria jasoko dute. Horrez gain, saritutako ipuinak Hilero aldizkarian argitaratuko dira.
Bestalde, herritarrek ere izango dute ipuin irabazle gehigarri bat aukeratzeko aukera, maiatzaren 6tik 13ra egingo den bozketan. Bozketa herriko puntu ezberdinetan jarriko diren hautestontzien bidez egingo da. Bozketa bitartez hautatutako ipuinaren egileak Euskaraldiko produktuen sorta bat jasoko du. Era berean, bozketan parte hartzen duten herritarren artean ere Euskaraldiko produktuak zozketatuko dira. Sariak maiatzaren 15ean banatuko dira, Euskaraldiaren hasiera ekitaldian.
Ekimen honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskararen sustapenarekiko konpromisoa berretsi nahi du eta herritarrak lehiaketan parte hartzera animatzen ditu.