Urtero bezala, Santurtziko Udalak bat egingo du datorren larunbatean, martxoaren 15ean, ospatuko den Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Eskubideen Nazioarteko Egunarekin. Horretarako, 'Zure klik-ak badu garrantzia' izeneko kanpaina jarri du martxan, hainbat ekintzaz osatutako programazioaz gain.

"Ekimenaren helburua kontsumitzaileak sentsibilizatzea da, online bidezko erosketak arduraz eta segurtasunaz egin ditzaten. Horrela, iruzur baten biktima izateko arriskua murrizteaz gain, tresna eta ezagutza praktikoak eskainiko dira webgune seguruak antzeman eta iruzurren biktimak izan ez daitezen” adierazi du Edorta Rodrigo Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.

Batetik, martxoaren 10 eta 11​an, 11:30ean Kresala Aretoan “Sentsazioak” izeneko magia-ikuskizuna eskainiko zaie batxilergoko 1. mailako ikasleei. Hodei magoak ilusioen bitartez erosketa digitalen arriskuen eta hartu beharreko neurrien inguruko gogoeta egitera bultzatuko ditu gazteak.

Bestalde, martxoaren 13an 18:00etan Kontsumobidek informazio-hitzaldi bat emango du herritar ororentzat, Casa Torre Jauregian. “Ekimena 'Zentzuz erosi, zure klik-ak badu garrantzia' kanpainaren esparruan egingo da, kontsumo digital segurua eta arduratsua sustatzeko egindakoa bera. Jardunaldian online erosketetan izaten diren iruzur ohikoenak antzematen eta saihesten irakatsiko digute. Horrez gain, iruzurren teknika ohikoenak ere ezagutaraziko dizkigute” azaldu du Rodrigok. Hitzaldian entzule parte hartu nahi dutenek KIUBen bulegora jo behar dute gonbidapena jasotzera.

Azkenik, martxoaren 18, 19 eta 20an gaiari buruzko formazio-tailerrak antolatu dira Axular eta Kantauri institutuetako batxilergoko 2. mailako ikasleentzat, eskola orduetan eta institutuetan bertan.

Kontsumitzaileen Udaleko Informazio Bulegoa herritarren esku dago, kontsumo gaietan izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Bulegoa Itsasalde 26an dago, eta astelehenetik ostiralera egoten da zabalik, 0​9:00etatik 14:00etara. Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da 94 461 45 51 telefonora deituz edo omic2@santurtzi.eus helbidera mezua idatziz.