Bizkaia, Ondarearen Europako Jardunaldien 25. urteurrena ospatzeko prest
Aldundiak hitzaldi-ziklo bat antolatu du martxoan eta apirilean, aurtengo edizioaren gai nagusian sakontzeko: ondare arkitektoniko
Bizkaiko Foru Aldundia prest dago Ondarearen Europako Jardunaldien 25. urteurrena ospatzeko. 2001. urtean hasi zenetik, programak urtero gai bat aukeratu du ondarea ikuspegi desberdinetatik ikertzeko.
Programaren lehenengo edizioaren gaia industria-ondarea izan zen; azken edizioan, ostera, bide historikoak eta haien konexioak. Programa garatu den urte guztietan, urrian, ondare materiala eta immateriala herritarrengana hurbiltzen saiatu da, eta horretarako, jarduera ugari eskaini dira, esaterako, bisita gidatuak, hitzaldiak, tailerrak eta ibilbide tematikoak. Bizkaiko Foru Aldundia dagoeneko hasi da jardunaldien 25. edizioaren programazioa prestatzen. Urtero bezala, urrian izango da, eta oraingoan gai nagusia ondare arkitektonikoa izango da.
Foru Aldundiak 25 urtez koordinatu ditu Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiak, eta Europa mailan erreferentea izateaz gain, ekimen garrantzitsuenetako bat da lurraldeko kultura- eta ondare-aberastasuna sustatzeko eta haren balioa nabarmentzeko. Jardunaldien edizio bakoitzean, foru-erakundeak ehundik gora erakunde, elkarte eta eragile kultural eta sozialen lankidetza izan du, eta ekitaldia herritarren partaidetzaren eta sentsibilizazioaren erreferente gisa finkatu da. Urtero, jardunaldiak aukera bikaina dira doako jardueren programa zabal batez gozatzeko: bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak eta kontzertuak barne. Jarduera guztiak publiko guztiei zuzenduta daude.
Ondarera hurbiltzeko eredu horren bidez, Bizkaiko historiaren ezagutzan sakondu daiteke, eta etorkizuneko belaunaldientzat gorde behar den legatuaren balioa nabarmendu.
Ondare arkitektonikoa, begirada ugari gai zabal baterako
Joan den otsailaren 4an, Bizkaiko Foru Aldundiak edizio berriaren gaia aurkeztu zuen, eta horretarako, Alberto Santana Kultura Ondarearen Zerbitzuko buruak Ondarea eta arkitektura Bizkaian: ikuspegi berria XXI. mendean hitzaldia eman zuen.
Zikloak martxoan eta apirilean jarraituko du, eta ikuspegi eta ikuspuntu desberdinak erakutsiko dira. Martxoko programan hitzaldi hauek daude:
Martxoaren 12an, 18:30ean.
Los orígenes de la arquitectura en Bizkaia: del Paleolítico a la Edad del Hierro, Joseba Ríos arkeologoaren eskutik.
Martxoaren 19an, 18:30ean.
Un ejemplo de nuevos usos para el patrimonio industrial: transformar una fábrica en muse. La Encartada Fabrika Museoko teknikari kontserbatzaileak emango du hitzaldia.
Martxoaren 26an, 18:30ean.
De hierro y de hormigón: cuando la arquitectura se liberó del muro de carga izeneko hitzaldia, Joaquín Cárcamo aparejadorea, dibulgatzailea eta Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko kidearen eskutik.
Apirilaren 2an, 18:30ean.
Intervenciones recientes en el patrimonio construido gaiaren inguruan Acha Zaballa estudioko Cristina Acha arkitektak hitz egingo du.
Hitzaldi guztiak Ondare Aretoan egingo dira (María Díaz de Haro, 11, 1.a, Bilbo). Sarrera librea da, leku guztiak bete arte.