Apirilaren 13ra arte zabalik dago Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea. Honek hainbat eremutako artistengana iritsi nahi du, arte-aniztasunaren isla izan dadin.
Uztailaren 8tik abuztuaren 24ra bitartean egingo den erakusketan parte hartu nahi dutenek Lekeitioko Kultur Etxera hurbil daitezke izena ematera edota kulturetxea@lekeitio.eus helbidera idatzi. Izena ematean, artistek bere lanen argazki eta dokumentazioa, hau da, biografia eta erakusketaren azalpenak, aurkeztu beharko dituzte. Ondoren, Udaleko Kultur sailak ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak.
Maiatzaren hasieran onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko da eta, ondoren, zozketa baten bitartez hautatuko dira behin betiko partehartzaileak. Lekeitioko eta eskualdeko artistek lehentasuna izango dute.
Artista bakoitzaren erakusketaren iraunaldia aurkeztutako artista kopuruaren arabera izango da. Astebeteko erakusketak izango dira, baina bi astetara luza daitezke aurkeztu den partaide kopurua handiegia ez bada.