Galdakaoko Udalak egitarau zabala prestatu du datorren larunbatean, martxoaren 8an, ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Feminismoa aldarrikatzeko egun horretako jardueren programazioan parte hartu dute Erabide Emakume Elkartea, Momoak Talde Feminista, Erlantza Emakume Elkartea, Ninaiz Emakume Elkartea, Mairi Emakume Feminista Batzarra, Basandere Emakume Elkartea eta udalerriko ludoteka eta topaguneak.

Programazio berezia da aurtengoa, genero berdintasunaren garrantzia nabarmentzea, gure komunitatean emakumeen lorpenak ohoratzea eta hausnarketarako eta elkarrizketarako espazio bat sustatzea helburu duten jarduerez betea.

Amets Iturbek, Berdintasuneko zinegotziak, aurkeztu du programa, Galdakaoko talde feministen eta emakume taldeen ordezkarien aurrean. Iturbek eskerrak eman dizkie bertaratutakoei egindako lanagatik, "guztien artean elkarlanean egindako lana delako". Ildo horretan, "murgildurik gauden eta feminismoa etengabe zalantzan jartzen den garai nahasi hauetan egiten duten lan nekaezina" nabarmendu du. "Lan horri esker, Galdakao gero eta feministagoa da eta lan hori ikusezin bihurtu nahi dutenak eta bestelako gaiak ezarri nahi dituztenak baztertu egiten ditu. Ez dugu atzera pausorik emango", gaineratu du.

Egitarauari dagokionez, zinegotziak azaldu duenez, "hilabete honetan zehar feminismoaren inguruko gai askori buruzko hausnarketa egiteko aukera egongo da”, 25 ekimen ingurutan. Horien artean, Iturbek "Galdakaon egiten den lehen martxa feminista" azpimarratu du, "denbora luzez bilduta egon ondoren, programazioa indartzeko zerbait desberdina eta berezia egiteko asmoz antolatu dena". Horixe izango da, hain zuzen ere, “oraingo eta etorkizuneko bidea eta helburuak definitzen jarraitzeko” prestatutako programaren jarduera nagusia. “Helburuetako bat oso argi dago: Galdakao feministagoa eraikitzea eta urte hauetan guztietan talde feministek eta emakume taldeek egiten duten borroka indartzea", amaitu du.