Bizkaiko suhiltzaileek trafiko istripuetako erreskateak entrenatzeko urteko txapelketa egiten dute
Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko berrogeita hamar bat suhiltzaile eta kabok parte hartuko dute gaur, Iurretako parkean, trafiko-istripuetako erreskate-simulakroen urteroko lehiaketan. Parte-hartzaileak Urioste, Basauri, Artatza eta Zallako parkeetako zortzi txandetakoak dira eta horien artetik talde irabazlea aterako da, trafiko-istripuen erreskateko estatuko txapelketan Bizkaiko Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren (PSSZ) ordezkaria izango dena.
Aurten, lehen aldiz, emakumezko suhiltzailez soilik osatutako talde batek parte hartu du lehiaketan, PSSZren historian mugarria ezarriz eta Bizkaiak larrialdien zerbitzuetan emakumeen berdintasunarekin eta ikusgarritasunarekin duen konpromisoa nabarmenduz.
Bidaiariak istripua jasan duten ibilgailutik ateratzeko erlojupeko ariketak eta ustekabeko maniobrak
Horrelako topaketak mundu osoan egiten dira eta benetako esku-hartzeetan suhiltzaileen zerbitzuen erantzuna hobetzeko balio dute.
Jardunaldian zehar taldeek 25 minutuko erlojupeko maniobrei aurre egin beharko diete, trafiko-istripuetako ezusteko egoerak konpontzeko. Proba hauek egoera konplexuak birsortzen dituzte, hala nola iraulitako ibilgailuak, bata bestearen gainean muntatuak edo bete-betean egituren kontra jo dutenak. Talde bakoitza agintari batek, osasun-langile batek eta hiru edo lau suhiltzailek osatuko dute eta Asociación Profesional de Rescate en Accidentes de Tráfico-Trafiko-Istripuetako Erreskateko Elkarte Profesionaleko (APRAT) epaileek ebaluatuko dute; epaimahai horrek hala koordinazioa nola biktimei eskaintzen zaien arreta kalifikatzen dute, horretarako World Rescue Organisation (WRO) erakundeak adostutako nazioarteko estandarrei jarraiki. Erakunde horretan mundu osoko Larrialdi Zerbitzuek parte hartzen dute, eta trafiko-istripuetako erreskate-estandarrak hobetzea du helburu.
Puntuazio handiena lortzen duen taldeak plaza ziurtatuko du maiatzean Cartagenan egingo den Trafiko-Istripuen Erreskaterako Topaketa Nazionalean (ENRAT). Estatuko txapelketa horretatik World Rescue Challenge, diziplinaren munduko lehiaketarako, ordezkariak aterako dira. Mundu mailako topaketa horretan 35 herrialde baino gehiagoko dozenaka talde lehiatuko dira. Azpimarratu behar da 2019an Bizkaiko PSSZko talde batek munduko txapelketa ospetsu eta garrantzitsu horretan parte hartzea lortu zuela.
Entrenamenduetan eta lehiaketan ikasitako ikasgaiek taldeen prestakuntza eta teknikak hobetzen laguntzeaz gain, benetako esku-hartzeen kalitatea ere hobetzen dute, eta trafiko-istripuetan erantzun eraginkorragoa eta seguruagoa ahalbidetzen dute, Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuarentzat egoera exijenteenetakoa dena.
Mota honetako topaketen bidez trafiko-istripuetan suhiltzaile-zerbitzuen erantzuteko gaitasuna eta biktimentzako arreta hobetu nahi dira. Entrenamenduetan eta lehiaketetan ikasitako ikasgaiek teknikak hobetzen, trebetasun berriak eskuratzen eta prestakuntza nahiz benetako esku-hartzeak finkatzen laguntzen dute. Horrek aukera ematen du foru zerbitzuak eskaintzen duen egoera ohikoenetako eta teknikoki zorrotzenetako batean jarduketa eraginkorragoa eta seguruagoa lortzeko.