Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunerako egitarau berezia bezain zabala prestatu egin du Santurtziko Udalak. Programazioaren eraketan udalerriko zeinbat elkartek hartu dute parte baita ere.
“Egunero egin behar dugu borroka genero berdintasunaren alde, baina martxoaren 8an bereziki kalera atera beharra dago emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena. Santurtziko Udalean udalerriko elkarteekin ari gara lankidetzan benetako berdintasuna sustatuko duten ekimenak bultzatzen. Funtsezkoa da gizartea sentsibilizatzea eta gogoraraztea oraindik bide luzea ibili beharra dugula emakume guztiok aukera berdinak izan ditzagun eta guzti-guztiok indarkeria matxista pairatu gabe bizi gaitezen” azaldu du Karmele Tubilla Santurtziko alkateak.
Martxoaren 8aren aurreko egunetan eta ondorengoetan zenbait ekintza interesgarri egingo dira. Horiek horrela, martxoaren 1ean 16:30ean ur azpiko kiroletako Aketxe Klubak urpekaritza-bataioa antolatu du Mikel Trueba kiroldegian 18 urtetik gorako emakumeentzat. Jardueran izena emateko klubarekin jarri behar da zuzenean harremanetan info@aketxe.com helbidera mezu elektronikoa idatziz edo telefonoz deituz (629915118).
Martxoaren 3an, 18:30ean mahainguru bat egingo da Casa Torre jauregian “Mujeres en el deporte: reivindicando nuestros espacios” izenburupean (“Emakumeak kirolean: gure espazioak aldarrikatzen”), non Leire Martinez korrikalariak, Nerea Nevado Athletic-eko jokalariak eta Aintzane Ortiz Santurtziko lehenengo emakume pilotari federatuak hartuko duten parte.
Martxoaren 7tik 14ra bitartean Casa Torre jauregian Patronato ikastetxeko ikasleek egindako “Crece y florece” (“Hazi eta loratu”) erakusketa ikusteko aukera egongo da, eta bertan argazkiak, bideoak eta eskulanak erakusgai egongo dira. Horrez gain, martxoaren 13ra arte “Cargueras. Un trabajo a reivindicar” (“Zamaketariak, aldarrikatu beharreko lana”) erakusketa ere bisitatu ahal izango da toki berean. Lan horretan Amaia Apraiz eta Maria Romano historialariek egindako ikerketaren berri ematen da eta omenaldia egiten zaie mende luzez portuetan zamalanak egin dituzten emakumeei, ezinbestekoak izan baitira Bizkaiko ekonomian.
Martxoaren 7an 12:00etan Parke Nagusian erakundearen ekitaldia egingo da. Ixone Andreu Gizarte Ekintzako zinegotziak adierazi bezala, “ekitaldi honen bitartez, Santurtziko Udalean emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde dugun konpromisoaren tinkotasuna nabarmendu nahi dugu, eta horrez gain, indarkeria matxistarik pairatzen ez duten bizitzak nahi ditugula exigitu”. Ekitaldian Ahalduntze Feministaren Gelako antzerki-taldeko emakumeek, ikastetxeek eta San Jorge Nagusien Etxeko abesbatzak hartuko dute parte.
Martxoaren 9an, goizean emakumeen arteko topaketa egingo da “Female´s Day” izenburupean, Asaltamontes Female taldeak antolatua. Ekitaldia emakumeentzat baino ez da izango, eta asmoa sedentarismoa alde batera utzita trailrunning-era gerturatzea da. Txangoa 9:30ean abiatuko da Mamarigako pilota-lekutik. Horrez gain, ludoteka-zerbitzua eskainiko da Itsasoko Ama eskolan 3 eta 13 urte arteko umeentzat. Ludoteka erabiliko bada, aldez aurretik izena eman behar da.
Jardunaldiaren ostean doako picnic-a eskainiko da Itsasoko Ama eskolan, elkarrekin emateko egun oso bat goza dezagun. Ezinbestekoa da parte hartuko dela jakinaraztea. Arratsaldean, portuko pilota-lekuan, esku-pilota partida egongo da 18:30ean. Partida emakumeen artekoa izango da eta, ohi legez, Itsasalde Pilota Taldeak antolatuko du. Eguraldi txarra bada, Serantes pilota-lekuan jokatuko da partida.
Egitarauari amaiera emateko martxoaren 15ean “Gure Eguna” ospatuko da Kabiezesen. Kakul Kabiezeseko Kultur Elkarteak antolatutako egun horretan feminismoa auzoetatik aldarrikatu nahi da. Haurrentzako tailerrak, batukada, dantza-erakusketa, herri-bazkaria, flamenko-erakustaldia, euskal dantzak, parrillada eta kontzertuak egongo dira.
“Santurtziko Udaletik eskertzen diegu herriko elkarte eta taldeei egitaraua egiteko lanean parte hartu izana. Gainera, udal gisa, mugimendu feministak eta bestelako emakume-elkarteek antolatutako ekitaldiak babestuko ditugu. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu egunotan egingo diren jardueretan parte hartzeko, garrantzitsua baita berdintasuna eta emakumeen eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko” amaitu du Andreuk esanez.