Martxoaren 8aren harira, Amorebieta-Etxanoko Udalak Marixelarre saria banatuko du eta, aurten, Alaia koralak jasoko du aitortza berezi hau. Hain zuzen, emakumeez osaturiko abesbatza honen ibilbidea aitortzeko eta kultur eta bereziki berdintasunaren arloan udalerriari egindako ekarpena balioan jarri nahi du toki administrazioak. “Alaiak korala gure udalerriko historia kulturalaren parte izan da, baina berdintasun alorrean, emakumeen elkartasun eta topagune gisa egindako lana ukaezina eta izugarria da. Horregatik sari honekin, eskerrak eman nahi dizkiegu duela 40 urte erakutsitako adore edo ausardiagatik eta urte guzti hauetan Amorebieta-Etxanori egindako ekarpenagatik”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Eta aitormen honen garrantzia azpimarratzekoa da. Izan ere, Alaiak korala, emakumez osaturiko abesbatza da eta Amorebieta-Etxanoko bizitza kulturalaren parte aktiboa izan da beti. Duela ia lau hamarkada sortu zen, emakume talde batek abesbatza bat bultzatzea hain ohikoa ez zen garai batean, alegia, eta horrek balio erantsia ematen dio koralaren ibilbideari, emakume talde honek urrats hori eman eta udalerrian sendotzea lortu baitzuen. Urte hauetan guztietan, herriko ekitaldi desberdinetan parte hartu dute, Amorebieta-Etxanoko bizitza kulturalari euren musika eta konpromisoa emanez.
“Alaiak korala, ordea, abesbatza bat baino askoz gehiago izan da. Emakumeen arteko topagunea eta babesa izan da, abesteaz gain, laguntasun-sare bat ehundu baitute”, gehitu du gobernu taldeak. 2024ko azaroaren 22an, Zornotza Kultur Elkarte Artistikoan, Santa Zezilia egunaren harira eskaini zuten agur-ekitaldian azaldu zuten bezala, “oso giro berezia sortu dugu urte hauetan guztietan, eta askorentzat etxetik irteteko eta beste pertsona batzuekin konektatzeko modu bat izan da”.
Gauzak horrela, sari hau Amorebieta-Etxanoko Emakume Nekazari, Abeltzain eta Artisauen Azokaren baitan emango da, datorren martxoaren 8an eta helburu du udalerriko berdintasunaren aldeko proiektu, kolektibo eta pertsonen lana azpimarratzea eta goraipatzea.