Síguenos en redes sociales:

Aldundiak 900.000 euro bideratuko ditu dibertsitatatea ikuspegi inklusiboago batetik sustatzeko

Dirulaguntzen deialdiaren bidez, gizarte-proiektuei laguntzeko hiru lerro bultzatuko dira

Bizkaiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak berritu egin du dibertsitatea gestionatzeko dirulaguntzen 2025erako deialdia, 900.000 euroko aurrekontu-esleipenarekin eta ikuspegi inklusiboago batekin, zeinak jatorriari, generoari eta sexu-orientazioari arreta handiagoa zuzentzen baitie bere ikuspuntua indartzeko.

Hala, 2025erako dirulaguntzen deialdi honek arreta berezia jartzen du intersekzionalitatean; izan ere, kontzeptu hori funtsezkoa da dibertsitatearen gestioan ikuspegi sakonagoa eta dimentsioaniztuna sartzeko. Ikuspegi horrek zenbait faktoreren arteko interakzioa aztertzen du -hala nola kultura, jatorria, sexu-orientazioa, generoa eta adina— bai eta euren artean nola lotzen diren ere; horrek guztiak modu bakar eta konplexuan eragiten baitu pertsonengan.

Teresa Laespada ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuaren hitzetan, intersekzionalitatea deialdi honetan sartzea funtsezko aurrerapena da dibertsitatearen gestio inklusiboago eta osatuago baten aldeko gure estrategian.

Ikuspegi horri esker, aukera dugu zenbait faktore, hala nola jatorria, generoa edo sexu-orientazioa elkarrekin nola erlazionatzen diren aztertzeko; eta, hala, pertsona bakoitzaren beharrizanetara egokitutako konponbide zehatzagoak eskain ditzakegu, gehitu du foru-diputatuak.

Aurten, Aldundiak nahi du proiektuek, dibertsitate-ardatz bakar batean zentratzea ez ezik, identitatearen eta desberdintasunaren dimentsioei modu integralean helduko dieten ekimenak bultzatu ditzaten ere bai. Hala, komunitate kalteberen errealitatearen ikuspegi osoagoa eta dinamikoagoa eman nahi da, eta bazterketa-modu desberdinen arteko interakzioaren ulermen sakonagoa sustatu.

Horren adibide gazte migratzaileei zuzendutako proiektu bat izan liteke, honako hauek kontuan hartu behar dituena: haien jatorri kulturalaz gainera, beste faktore batzuk, hala nola generoa edo sexu-orientazioa. Izan ere, faktore horiek modu bakarrean eragiten dute pertsona bakoitzaren esperientzia indibidualean. Ikuspegi integral horren bidez, ikuspegi erredukzionistak saihestu nahi dira, eta kolektibo hartzaileen premia espezifikoetara egokitutako erantzun eraginkorragoak eskaini.

Eredu intersekzional honek eraginkortasunez erantzuten die gaur egungo gizartearen eskaerei, eta onartzen du diskriminazioa eta bazterketa fenomeno konplexuak direla eta ez zaiela modu zatikatuan heldu behar. Arazoak banaka konpontzen saiatu beharrean, ikuspegi global bat sustatzen da, gaur egungo desberdintasunei erantzun egokiagoa ematea ahalbidetzen duena.

Dirulaguntza-lerroak

Gizarte-proiektuei laguntzeko programak honako finantzaketa-ildo hauek ditu aurten:

  •  Erakunde-egitura indartzea eta elkarte sozialak mantentzea (160.000 euro arte): Eguneratu egin da, erakundeak proiektu inklusiboagoak eta intersekzionalagoak garatzera bultzatzeko, haien egiturak indartuz, dibertsitatearen gestioa eraginkorragoa izan dadin.
  •  Aniztasun kulturala sustatzen duten eta diskriminazioari aurre egiten dioten proiektuak (640.000 euro arte): Aurten, proiektuek sentsibilizaziotik haratago joan behar dute, eta identitatearen eta desberdintasunaren dimentsio guztiak kontuan hartuko dituen ikuspegi bat txertatu behar dute, xenofobiaren eta arrazakeriaren aurkako borroka nabarmenduta eta ikuspegi intersekzionala sustatuta.
  •  Sareko proiektu berritzaileak ikuspegi intersekzional batetik (100.000 euro arte): Berrikuntza lehenesten da dibertsitateari modu integralean heltzen dioten proiektuetan, eta inklusio jasangarria eta globala bultzaten duten lankidetza-sareak sustatzen dira.

Ekimen horien bidez, gizarteratzea eta berdintasuna sustatu nahi dira, eta dibertsitatearen arloan lankidetza eta konpromiso handiagoak bultzatu. Eskatzaileek eskabideak aurkezteko modu bakarra izango dute: Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (www.ebizkaia.eus-etik sartu daiteke egoitzara). Eskabideak aurkezteko epea 2025eko martxoaren 6an amaituko da, 13:30ean. Argibide gehiago nahi izanez gero, interesdunek Bizkaiko Foru Aldundiaren webgune ofizialean kontsultatu ahal izango dituzte deialdiaren xehetasun guztiak.