Dagoeneko Bizkaiko 1.600dik gora etxek darabilte Foru Aldundiak eskaintzen duen etxeTIC zerbitzua
Bizkaian, mendekotasun-egoera aitortua duten 1.600 pertsonak baino gehiagok eta haien zaintzaileek jasotzen dute etxeTIC zerbitzua, hots, etxean egoten laguntzeko doako foru-zerbitzua, zeina lurralde osoan banatutako bederatzi zentrotan eskaintzen baita. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak datu hori nabarmendu du, gaur goizean, Etxebarriko etxeTIC zentrora egin duen bisitan.
Elixabete Etxanobe andreak azpimarratu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako zerbitzu aitzindari eta berritzaile honek dagoeneko Bizkai osoko 1.600 etxeri baino gehiagori errazten dizkie iraupen luzeko zainketak. Etxebarrikoa bezalako hurbileko zentro komunitarioetatik, etxeTICek laguntza ematen die mendekotasun-egoeran dauden pertsonei, etxean bizitzen jarraitu nahi badute. EtxeTICek aurrez aurreko arreta osatzen eta errazten duen tresna gisa erabiltzen du teknologia berrien potentziala; horrez gainera, zaintzaileei laguntzen die, zaindu beharrekoak hobeto zaintzeko eta euren burua zaintzeko behar duten babesa emanez.
EtxeTIC zerbitzua Bizkaian zehar hedatzea
Etxebarri etxeTIC zentroarekin batera, zerbitzua honako zentro hauetan ere eskaintzen da: Etxaniz zentroa, Bilbon; Zalla zentroa, Enkarterrin, Karrantzako arreta-gune deszentralizatu batekin; Ugao zentroa, Igorreko arreta-gune deszentralizatu bat izango duena (gaur egun egokitze-prozesuan dago); Estartetxe zentroa, Leioan; Bizigura zentroa, Abanto-Zierbenan; Karmelo zentroa, Bilboko Santutxu auzoan; Sestao Berria zentroa, eta Ondarroa zentroa. Azken horretan, behin-behienean eskainiko dira etxeTIC zerbitzuak, era deszentralizatuan, Markina-Xemeingo zentroa martxan jarri arte, horixe izango baita erreferentziako zentroa Lea-Artibai eskualdean.
Mungiako etxeTIC zentroa laster jarriko da martxan, eta haren eragin-eremua osatzen duten udaletako biztanleei emango die zerbitzua: Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungiako udalerrietako biztanleei. Gizarte Ekintza Saila harremanetan jarri da mendekotasun-egoeran dauden eta familia giroan zaintzeko prestazioa jasotzen duten pertsonekin eta haien zaintzaileekin, doako foru-zerbitzu honen berri emateko.
Laster abiaraziko den zentro horrekin eta udaberrian irekiko den Basaurkoarekin, etxeTIC zerbitzu publikoa lurraldeko 11 zentrotan egongo da erabilgai, mendekotasun-egoera aitortuta duten 5.000 pertsona ingururentzat eta haien zaintzaileentzat.
Zainketak hobetzeko teknologia eta arreta pertsonalizatua
Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako etxeTIC belaunaldi berriko zentroetan, mendekotasun-egoeran dauden pertsonek eta haien zaintzaileek etxeko zainketen ekosistemari laguntzeko plan bat dute. Plan horretan ekintza pertsonalizatuak eskaintzen dira, bai mendekotasun-egoeran dagoen pertsonarentzat, bai haren zaintzaileentzat, laguntza-teknologiekin osatuak, hala nola tabletekin eta/edo jarduera-eskumuturrekoekin, zeinak aldizkako jarraipenaren bidez laguntzen baitute arriskuak monitorizatzen eta prebenitzen.
Esku-hartzeetan online modalitatea eta zentrora bertaratzea konbinatzen dira. Halaber, hogei bat pertsonak (pertsona horiek gehiago edo gutxiago izango dira zentro bakoitzaren plaza-kopuruaren arabera) eguneko ohiko zentro baten arreta jasotzen dute.
Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera egiten jarraitzen du, modu mailakatu eta irmoan, arreta-eredu berritzaile hori pixkanaka ezartzen, lurraldean abian jarritako Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planaren hedapenaren funtsezko ardatzetako bat baita.