Tentuz, mimoz, astiro-astiro dabiltza lanean jo ta fuego. Horrela hasten da Hurrengo geltokia obraren sinopsia. Eta halaxe dabiltza, hain zuzen ere, Karrika Antzerki Taldeko kideak, estreinaldiaren aurreko azken egunetan. “Egia esan, oso ondo helduko gara estreinaldira. Entsegu dezente egin ditugu eta lanean ari gara, baina ukaezina da Durangon eta San Agustinen aritzen garenean oso berezia izaten dela. Familia, lagunak eta ezagun asko etortzen dira eta horrek beti urduritasun puntu bat dakar”, azaldu du Maite Lopez Karrikako kideak.

Larunbatean, hilak 22, arratsaldeko 19.00etan San Agustin Kulturguneko oholtza gainean Karrika Antzerki Taldeak bere opera magna izango den ikuskizun definitiboaren working progress-a aurkeztuko du. “Hurrengo geltokia antzezlana itxaroten edo zain egotearen hausnarketa bat da. Normalean sorkuntza propioak egiten ditugu, inprobisaziotik hasi eta momentuko nahiak edo kezkak azaleratuz. 2022an edo 2023an entsegu batera etorri nintzen, beti zain banengo bezalako sentsazioarekin. Autobusari itxaroten, medikuarengana noiz sartuko zain... Zenbat denbora ematen dugu gauzak itxaroten eta ezer ez egiten?”, laburbidu du Lopezek.

Eta garraioan edo osasunaren esparruan itxarotearen paralelismo horretatik abiatuta, Karrikak bere azken antzezlanari forma eman dio, absurdutik, umoretik, baina gogoeta sakonak eginez eta kexak plazaratuz, oraindik ere sorkuntza-prozesuan dagoen obra batekin. “Oraindik working progress bat da eta agian beti izango da”, umorez ziurtatzen du.

ANTZERKI AMATEURRA

Karrika Antzerki Taldea 1998an sortu zen, euskal antzerkigintzak zuen hutsuneetariko bat betetzeko asmoz eta eskolaz kanpoko ekintza bezala. Jose Martin Urrutia ‘Txotxe’ izan zen konpainiaren bultzatzaile nagusietako bat; hainbat antzezlanen zuzendari eta testuen egile izan zen. Hala nola, Fartsa, Haize freskoa frenopatikoan, Kokopeli komandoa, Martxoak 31, Ametsen faktoria eta Oinez dabilen jende eskasa.

San Agustin Kulturguneko konpainia egoiliar egongorra da eta 2019tik Patricia Urrutiaren zuzendaritzapean lan egiten du. “Gu amater-ak izanik asteazkenetan bakarrik elkartzen gara. Orain dela hiru urte estreinatu genuen azken lana, iaz 25. urteurreneko gala egin genuen, beste elkarte eta sortzaile batzuekin elkarlanean aritu gara eta abenduan Durangoko Azokan ere 20 minutuko bi pase egin genuen obra honekin... Ez gara geldi egotekoak, baina inguruko jendeak antzezlan bat eskatzen zigun oholtza gainean, eta horregatik erabaki dugu lan berri hau partekatzea”, komentatu du Lopezek.

Etorkizunari begira, larunbateko estreinaldiaren ondoren, beste data batzuk ixteko asmoa dute. Adibidez, maiatzean Deban izango dira eta eskualdean Abadiñon, Elorrion, Atxondon... aritzea espero dute.

Patricia Urrutia, Julen Bordes, Maite Lopez, Garazi Magunagoitia, Naiara Lopez, Gorka Madrazo eta Maialen Magunagoitia Karrikakideak: Itxaronaldia amaitu da. Hurrengo geltokia badator. Larunbatean 19.00etan San Agustin Kulturgunean.

Laburrean

‘Hurrengo geltokia’. Larunbatean, hilak 22, arratsaldeko 19.00etan Karrika Antzerki Taldeak bere obra berria estreinatuko du Durangoko San Agustin Kulturgunean.

Zuzendaritza. Patricia Urrutia.

Aktoreak. Julen Bordes, Maite Lopez, Naiara Lopez, Gorka Madrazo, Garazi Magunagoitia eta Maialen Magunagoitia.

Iraupena. 35 minutu.

Ibilbidea. Karrika 1998an sortu zen Durangon. Talde amateurra da eta San Agustineko konpainia egoiliar egongorra da.