Bizkaiko suhiltzaileen parkeek energiaren %55 aurreztu dute urtebetean
Bizkaiko suhiltzaile-parkeetako energia-kontsumoaren erdia baino gehiago eguzki-energia garbiarekin sortzen da. Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ) zortzi parkeetan 650 eguzki-panel fotovoltaikoen instalazioa 2023aren amaieran osatu zen eta funtzionamenduko lehen urte osoan energia garbiko 380.786 Kwh sortzea ahalbidetu dute, hau da, parkeek 2024an kontsumitu duten 688.340,44 Kwh-ko energiaren % 55,32.
Lorpen honek nabarmen lagundu du karbono-aztarna murrizten, atmosferara urtean 126* tona CO2 isurtzea saihestuz. Kopuru hori 20 urteko eta 15 metroko altuerako 40 haritzek** (Quercus robur) gutxi gorabehera urte batean sortuko luketen ingurumen-inpaktu positiboaren baliokidea da.
Instalazio fotovoltaikoak lurraldeko suhiltzaileen zortzi parkeetan daude: Urioste (Ortuella), Basauri, Artatza (Leioa), Iurreta, Arratzu, Zalla, Markina eta Derio. Elementu horien instalazioa aldi berean egin ze zortzi kokapenetan, eta litiozko bateriak ere badituzte, sortutako energiaren erabilera optimizatzen dutenak biltegiratzea eta aprobetxamendu eraginkorragoa ahalbidetuz, baita ekoizpen txikiagoko ordutegietan ere.
Jasangarritasunarekiko eta aurrezpen ekonomikoarekiko konpromisoa
Ager Izagirrek, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, urtebete pasatxoan instalazioek izandako errendimendu ona azpimarratu du: Emaitzak oso positiboak izan dira. Urte bakar batean Bizkaiko suhiltzaile-parkeetako eguzki-panelek parke horiek kontsumitzen duten energiaren erdia baino gehiago sortu dute. Horrek aurrezpen energetiko eta ekonomiko nabarmena eragiteaz gain, jasangarritasunarekin eta energia-iturri garbietarako trantsizioarekin dugun konpromisoa indartzen du.
Arlo ekonomikoari dagokionez, energia-aurrezpen honek esan nahi du parkeen faktura elektrikoaren termino aldakorrean gutxi gorabehera % 48 murrizten dela (zergen aurretik), baina kuantifikazio zehatza sare orokorreko tarifen gorabeherei lotuta dago.
Bateria bidezko biltegiratze-ahalmena dagoen arren, beti ezin da autokontsumoa eguzki-paneletatik datorren energia-sorkuntzarekin sinkronizatu. Hori dela eta sortutako energiaren zati bat banaketa elektrikoko sare orokorrera isuri behar da. Energia-autosufizientzia hobetzeko 2025ean sistema hori optimizatzearen bideragarritasuna aztertuko da, eta, horri esker, ekoitzitako energiaren zati bat suhiltzaile-parkeetatik 2 kilometroko erradioan dauden foru-instalazioetan aprobetxatu ahal izango da.
2024an instalazio horiek sortutako energiaren % 20 sare orokorrera isuri zen, baina hurrengo urteetan ehuneko hori murriztea espero da, sisteman kontsumo-puntu gehiago sartuz. Gaur egun hurbileko foru-azpiegiturek euren energia-gastua hurbileko parke batetik sortutako energiarekin konpentsatu ahal izateko lanean ari gara. Azpiegitura horien artean daude Ogasunak Portugaleten, Getxon eta Basaurin dituen bulego deszentralizatuak; Durango, Gernika eta Markinako herritarren arretarako bulegoak (GERTU); Derioko Ibilgailuen Parkearen foru-basea; eta Zallako barazki- eta fruta-estazioko eraikinak.
Gainera, instalazio horiek martxan urtebete egin ondoren lortutako esperientziarekin, hainbat hobekuntza egin dira 2024ko abenduan. Besteak beste, 12 eguzki-panel gehiago gehitu zaizkio Zallako Enkarterriko parkeari, eta baterien bidez 40 Kwh biltegiratzeko sistema bat ezarri da Uriosteko parkean.
Proiektuak 517.657,27 euroko inbertsioa eskatu du guztira eta Next Generation EU funtsekin batera finantzatu da, Eraldaketarako, Berreskuratzeko eta Erresilientziarako Estatuko Planaren esparruan.
Eredu aitzindaria larrialdi-zerbitzu batean
Suhiltzaileen parkeen efizientzia energetikoa hobetzea Bizkaiko PSSZk bultzatutako Jasangarritasun Estrategian 2022-2024 planean jasotako ekintzetako bat da. Plan hau aitzindaria izan da estatuan garapen jasangarriko programa integral bat ezartzen. Ezarritako sistemari esker Bizkaia erreferente bihurtu da, trantsizio energetikoa, baita funtsezko zerbitzuetan ere, bideragarria eta eraginkorra dela frogatu baitu.
Eguzki-sorkuntzaz gain Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua energia-eraginkortasuneko beste neurri batzuk ere hartzen ari da, hala nola argiztapen-, iturgintza- eta klimatizazio-sistemak hobetzea. Neurri horiek azpiegituren berrikuntzan txertatuko dira pixkanaka.
Tokikotik abiatuta aldea markatu dezakegu maila globalean. Proiektu honek klima-aldaketa arintzen laguntzeaz gain, Bizkaiak berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin konprometitutako lurralde moduan duen posizioa indartzen du, nabarmendu du Izagirrek.
Beste alde batetik, Larrialdien Foru Zuzendaritzak eta Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 2025-2027 Jasangarritasun Plan berria dute, 2022-2024 urteetako planari jarraipena ematen diona.