Síguenos en redes sociales:

450 arraunlarik hartuko dute parte Sestaoko "Masters 8" estropadan

Larunbat goizean jokatuko den probak Guggenheim Museoan izango du irteera eta Kaikuko Arraun Pabiloian amaituko da

450 arraunlari inguru izango dira asteburu honetan Sestaon, Kaiku Arraun Elkarteak Udalaren laguntzarekin bigarrenez antolatuko duen "Marters 8" estropadan parte hartzeko.

Proba hau iaz jaio zen, klub sestaoarraren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan. Kaikuko beteranoen taldea, data berezi hori ospatzeko berriro bilduta, kirol hitzordu hau antolatzera animatu zen, Tamesis ibaian jokatzen den Londresko txapelketan lehen aldiz parte hartu ondoren.

Urte batetik bestera "Masters 8" honek izan duen hazkundea ikusgarria izan da. 2024an 15 tripulaziok parte hartu bazuten, aurtengoan parte hartuko duten ontzien kopurua hiru halakotu egin da, eta guztira 49 izango dira; horietatik 29 gizonezkoenak, 7 emakumezkoenak eta 13 mistoak.

Horrela, bada, aurtengo proba hau estatuko arraun olinpikoaren erreferente bihurtu da master kategorian, estatuko hainbat erkidegotako arraun talde onenak bilduko baitu, eta, gainera, nazioarteko ibilbidea ere hasi du, aurten Txekiar Errepublikatik, Ingalaterratik eta Portugaldik etorritako atzerriko lau taldek ere parte hartuko baitute.

Bitxikeria gisa, asteburu honetan hainbat nazionalitateko kirolariek arraun egingo dute Sestaon: Irlanda, Frantzia, Polonia, Alemania, Estatu Batuak, Argentina, Eskozia, Errumania, Brasil eta Mexiko; eta horietaz gain, Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetako kirolariak ere iritsiko dira gure udalerrira.

Proba goizeko 11etan Guggenheim Museoan hasi eta Sestaoko Kaiku Arraun Pabiloian amaituko da, bi puntuen artean dagoen 3,7 kilometro baino gehixeagoko ibilbidea egin ondoren. Goizeko lehen orduan, La Benedictan parte hartuko duten talde asko uretara sartzeko prestatzen ikusteko aukera izango da. Estropadaren amaiera ikusteko, berriz, komenigarria da Kaikuko arraun pabiloitik gertu, Galindo ibaiaren bokalean kokatzea.

Master jaitsiera-estropadek bi erreferente dituzte Europan: Londresko Tamesis ibaian 1926az geroztik jokatzen den "Heat of the River" proba, eta Amsterdamgo "Heat of the River Amstel", 1972az geroztik lehiatzen dena, ehun ontzitik gorako partaidetzarekin.