Lekeitiok euskararen erabilera sustatzeko pausoak ematen jarraitzen du. Duela aste batzuk udalak aurreratu zuen bezala, ekintzetako bat Bai Euskarari ziurtagiria udalerrian zabaltzea zen. Hori dela eta, jakitera eman du herriko 62 komertzio eta tabernak bat egin dutela Bai Euskarari ziurtagiriarekin.

Iaz sinatu zuten Lekeitioko Udalak eta Bai Euskarari Elkarteak hitzarmena herrian euskararen erabilera indartzeko eta hizkuntza-paisaia hobetzeko. Bi erakundeek elkarlanean dihardute ostalaritza eta merkataritza sektoreetan euskararen presentzia areagotzeko, herriko identitatea indartuz eta turismoarekin bateragarri eginez.

Egun, Lekeition euskararen erabilera %69koa da, beherakada txiki bat jasanez azken urteetan. Adin tarteen arabera, 45 urtetik gorakoen artean kezka berezia dago, izan ere, talde horretan %57koa da erabilera.

Datu horiek abiapuntutzat hartuta udal arduradunek euskararen egoera sakonago ezagutu nahi dute, eta herriko komertzio eta tabernekin diagnostiko bat egiteko asmoa dago. Horretarako, Bai Euskarari ziurtagiriaren ebaluazioak baliatuko dituzte.

Azken hilabeteetan, Bai Euskarari Elkarteak eta Lekeitioko Udalak elkarlanean hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Azaroan, 75 saltokirekin harremanetan jarri ziren eta aurrez aurreko bisitak egin zituzten. Guztira, 62 establezimenduk Bai Euskarari ziurtagiria lortzeko pausoa ematea erabaki dute, nahiz eta hasierako helburua 30 establezimendukoa izan.

Datozen bi hilabeteetan, otsaila eta martxoa bitartean, Bai Euskarari ziurtagiriaren ebaluazioak egingo dira Lekeition. Horien bidez, establezimendu bakoitzari dagokion ziurtagiri-maila erabakiko da, eta entitateei laguntza eskainiko zaie beren hizkuntza-beharrak asetzeko.

Bai Euskarari Elkarteak ziurtagiria eskuratzeko bere metodologia, irizpide eta tresnak aplikatuko ditu, prozesua ahalik eta eraginkorrena izan dadin. Horrez gain, Lekeitioko Udalak bere Plan Estrategikoa berritu du, eta bertan etorkinei euskara klaseak eskaintzeko konpromisoa hartu du, herrian euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburuarekin.

Ekimen honek herriko merkataritza eta ostalaritza euskararen sustapenean inplikatzea bilatzen du, horrela hizkuntza paisaia aberastuz.