Tokiko kirola sustatzeko helburu duen lankidetza-hitzarmenak berritu ditu Sestaoko Udalak Sestao River, San Pedro Kirol Elkartea eta Antonio Trueba Boleibol Klubarekin. Akordio horiek hiru oinarri edo helburu nagusi dituzte: lehenik eta behin, udalerrian oinarrizko kirola indartzea; bigarrenik, emakumeen kirolari bultzada ematen jarraitzea, neskek eta mutilek kirola egiteko aukera berdinak izan ditzaten; eta, hirugarrenik, Sestaoren irudia sustatzea.

Hori horrela, hitzarmen horien arabera, Sestaoko Udalak dirulaguntza zuzen baten bidez lagunduko dio hiru klub horien jarduerari. Hala, denboraldi honetan Sestao Riverrek 40.000 euro jasoko ditu, San Pedro Kirol Elkarteak 25.000 euro eta Antonio Trueba Boleibol Klubak 20.000 euro.

Hitzarmenak kopuru berberekin berritu daitezke denboraldiz denboraldi 2027. urtera arte, betiere senior taldeak gaur egun lehiatzen diren kategoria beretan mantentzen badira. Senior taldeek gora edo behera egingo balute, zenbatekoak gorantz edo beherantz egokituko lirateke.

Taldeek, bestalde, konpromisoa hartu dute, eskola-kirolaren eta Federazioaren jarraibideei jarraiki, haurren kirol-garapena sustatuko duten entrenamenduak egiteko.

Era berean, kirola sustatzeko txapelketak, jarduerak eta prestakuntzak garatzeko konpromisoa hartu dute, haietan parte hartzen duten pertsonei laguntzeko beren garapen fisiko, emozional eta mentalaren hazkuntza-etapa guztietan.

Aldi berean, hiru klubek aukera-berdintasunaren alde lan egingo dute, bereziki emakume eta etorkinei dagokienez, eta elebitasuna sustatze aldera, Udalak onartutako hizkuntza-irizpideak erabili eta errespetatzea ere onartu dute.

Hitzarmen berri hauen aurkezpenean, Ainhoa Basabe alkatea eta Jesus Amenedo Kirol zinegotzia, Angel Castro Sestao Riverreko presidentea, Eliseo

Molinuevo San Pedro Kirol Elkarteko presidentea eta Cesar Ruiz Antonio Trueba Boleibol Klubeko presidentea izan dira.

Udalbatzaren bilkura-aretoan egindako prentsaurrekoan, Basabek hiru akordio horiek berritzeko arrazoiak eman ditu: "Udalak badaki Sestao Riverrrek, San Pedo Kirol Elkarteak eta Antonio Trueba Boleibol Klubak oinarrizko kirolaren eta emakumeen kirolaren eremuan duten egitura garrantzitsua mantentzeak kostu handia duela, eta, horregatik, haiekin lankidetzan aritu nahi dugu, Sestaoko haurrek aukera izan dezaten kirola modu planifikatuan eta ondo muntatutako eta ordenatutako egitura baten barruan egiteko ".

​Jesús Amenedok, bere aldetik, adierazi duenez, dirulaguntza honek "aitortza egin nahi dio hiru talde hauek haurrak kirolari eta pertsona gisa prestatzeko egiten duten gizarte-lan garrantzitsuari".