Síguenos en redes sociales:

Bizkaiak agenda feminista bultzatzen du Garapenerako Lankidetzan, 1,8 milioi euroko inbertsio espezifikoarekin

Bizkaiko Foru Aldundiak garapenerako lankidetzarako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzarako dirulaguntzen aurtengo deialdia onartu du, genero-berdintasunarekin konprometitutako ikuspegi berritzaile batekin.

2025ean, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak 1,8 milioi euro erabiliko ditu agenda feminista egituratu bat osatzen duten eta, aldi berean, Bizkaian eta hegoalde globaleko herrialdeetan emakumeen beharrizanei erantzuten dieten proiektuak finantzatzeko. Aldundiak 8.750.000 euroko inbertsioa egingo du 2025ean Garapenerako Lankidetzarako.

Ekimen horren bidez, Aldundiak indartu egin du gizarte berdinzaleagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko konpromisoa. Konpromiso hori betetzeko, tokiko eta nazioarteko testuinguruetan ekitate-politikak bultzatzen ditu. Ekintza-ildo horren helburua da hainbat gizarte-eragileren arteko lankidetza indartzea eta emakumeen bizitzan benetako eragina duten berdintasun-estrategien garapena sustatzea.

Teresa Laespada Ahaldun Nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak nabarmendu duenez, agenda feminista honekin egitura sozial, politiko eta ekonomikoan eraldaketa sakon baten alde egiten ari dira, emakume guztientzat etorkizun bidezkoagoa, berdinzaleagoa eta indarkeriarik gabekoa eraikitzeko.

Esan duenez, ikuspegi feminista duten gobernu-politikak sustatzeko eta haien jarraipena egiteko sistema integral bat ezarri behar da, xedetzat hartuta bizitzaren jasangarritasuna erabaki politikoen erdigunean jartzea. Ikuspegi horrek emakumeen jarduteko gaitasuna indartu behar du, eta gobernantzaren maila guztietan parte hartzen dutela bermatu. Azpimarratu du funtsezkoa dela, halaber, emakumeen erakundeak eta mugimendu feministak indartzea, benetako berdintasuna bermatuko duten politika publiko eraginkorren sorreran eragiteko.

Funtsezko lau ardatz

Laguntzen deialdiak genero-berdintasuna sustatzeko funtsezko lau ardatzetan oinarritzen du bere ekintza. Lehenik eta behin, emakumeen eskubideak bermatu nahi ditu, eta, horretarako, haien aitorpen eta babes eraginkorra ziurtatu. Era berean, gizartearen eremu guztietan emakumeen parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzearen alde egiten da, emakumeek presentzia eta lidergo gehiago izatea sustatuz.

Funtsezko beste zutabeetako bat indarkeria matxisten aurkako borroka da, ingurune seguruak eta diskriminaziorik gabekoak sortzeko. Azkenik, zaintzan oinarritutako ekonomia feminista bultzatzen du deialdiak, zaintza horiek gizarte-ongizaterako eta gizarte bidezkoagoa garatzeko funtsezko zutabea direla ulertuta.

Topaketa GGKEekin

Estrategia horren barruan, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak topaketa bat antolatu du Bizkaiko gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariekin. Bilboko Bilborock aretoan egin zen topaketa; 70 erakunde bildu zituen eta deialdiari buruzko zalantzak argitzeko eta inplikatutako eragileen arteko lankidetza indartzeko baliatu zen.

Apustu irmo horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egin du nazioarteko lankidetzarekin, gizarte-garapenarekin eta gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa lortzen lagunduko duten proiektuak sustatzearekin duen konpromisoa, genero-berdintasuna ardatz nagusitzat hartuta.

Erakunde interesdunek laguntzak eskuratzeko deialdian zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte. Prozesuari, hautagarritasun-irizpideei eta behar den dokumentazioari buruzko informazio guztia Bizkaiko Foru Aldundiaren webgune ofizialean dago eskuragarri.