Durangoko Udalak bizikletentzako seinaleak hobetu ditu Tabirabide eta Arriluzeagan
Inguru horretan, lurrean margotutako bidegorria kendu eta seinaleak aldatu dira, txirrindularien eta ibilgailu motordunen arteko segurtasuna eta bizikidetza hobetzeko
Durangoko Udalak Tabirabide kaleko, Gran Hoteleko biribilgunetik, eta Arriluzeaga kaleko tarteko bidegurutzeko bizikletentzako seinaleak hobetzeko lanak amaitu ditu. Inguru horretan, lurrean margotutako ibilgailu motordunen kontrako bidegorria kendu da, eta seinaleak aldatu dira, segurtasuna eta txirrindularien eta ibilgailu motordunen arteko bizikidetza hobetzeko.
Jarduera horiek udalerriko bizikleta ibilbideak indartzeko proiektuaren parte dira, mugikortasun iraunkorra sustatzea eta bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dutenen segurtasuna bermatzea helburu duen ekimena. Esparru horretan, Durangoko Udalak bizikleta-sarea handituko du, eta 18 kilometro bidegorri berri sortuko ditu, lehendik dauden 14,5 kilometroei gehituko zaizkienak. Horrela, herrian 32 kilometro bizikleta-bide egongo dira guztira.
Proiektu hau Mugikortasun Iraunkorreko Udal Planarekin lerrokatuta dago. Plan horren helburua da oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak indartzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta Durango udalerri jasangarriago eta irisgarriago gisa sendotzea. Bizikleta-sarea zabalduz eta hobetuz, mugikortasun-sistema seguruago, eraginkorrago eta ingurumenarekiko begirunetsuago baten sorreran aurrera egiten da, bizikleta ibilgailu pribatuaren erabileraren alternatiba bideragarri eta osasungarri gisa sustatuz.
Bestalde, Udalak Zirarmendieta kaleko hegoaldeko espaloia berritzeko lanak hasi ditu, Larrasoloeta eta Urkiagatorre arteko zatian. Proiektu honen helburua oinezkoen eta bizikleten irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea da, hiri-ingurunea egungo estandarretara egokituz.