Herritarrei, elkarteei eta enpresa txiki eta ertainei arreta pertsonala eskainiko die Abanto Zierbenako Udalak martxan jarriko duen programa berriarekin. Hala, 'Alkatea zurekin' izeneko ekimenak Iñaki Urrutia del Cura alkateari beren zalantzak, proposamenak eta kezkak helaraztea ahalbidetuko die herritarrei.

"Abantarrekin harreman zuzena izatea funtsezkoa da herritarren kezkak eta eskaerak ezagutzeko; izan ere, haien ikuspegia, iritziak eta lankidetza oso baliotsuak dira udalerriko egunerokotasuna hobetzeko" nabarmendu du Urrutia del Curak. Horrela, eta ahalik eta eskari gehienei erantzuteko, bisitak ezarri dira, goizez zein arratsaldez, Udaletxean eta Las Carreraseko Gaztegunean. Horrela banatuko dira bisitak:

  • Astelehenean 10:00etatik 11:30era Udaletxean (alkatearen bulegoan)
  • Astelehenean 12:00etatik 14:00etara Las Carreraseko Gaztegunean
  • Asteazkenean 10:00etatik 11:30era Udaletxean (alkatearen bulegoan) 17:00etatik 19:30era

Beren eskaerak modu pertsonalean helarazi nahi dituzten pertsonek hitzordua eskatu ahal izango dute Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ), aurrez aurre (El Minero etorbidea 2. Gallarta), 94 636 20 00 telefonoan edo haz-sac@abanto-zierbena.eus helbide elektronikoan.

Aipatzekoa da, nahiz eta programa nobedadea izan, legegintzaldiaren hasieratik alkateak pertsonalki erantzun diela hala eskatu duten pertsona guztiei, baina “hainbatetan hitzordu pertsonalak nola hartu ez dakitela esan diguten herritarren beharrei erantzuna emanez, ekimen hau aurrera eramatea erabaki dugu", azaldu du Urrutia del Curak. "Gainera, goiz bat erdigunetik urrunen dagoen auzoetako batean ematea erabaki dugu, Las Carreraseko bizilagunek Gallartara joan beharrik izan ez dezaten beren ekarpenak edo zalantzak helarazteko", gaineratu du.

Arreta-ordutegi zabala ezarri den arren, interesdunen batek ezin badu saio horietan parte hartu, ahal den neurrian, eta orain arte egin den bezala, eskariaren araberako bisitak egingo dira beste ordutegi edota kokapen batzuetan. Alkateak herritarrei dei egin die "euren gaiak planteatzera hurbil daitezen eta zuzenean parte hartzeko bitartekoak erabil dezaten".