Elorrioko Udalak 1.694,81 euroko aurrekontua bideratuko du udalerriko bakarkako lau kirolariei dirulaguntzak emateko, egunerokotasunean izaten dituzten gastuei aurre egiten laguntzeko eta beraz, bere errendimendua altuagoa izan ahal izateko.

Estatu zein nazioarte mailako txapelketa ofizialetan emaitza onak izan dituzten hainbat bakarkako kirolari daude Elorrion. Horietako lau dira Ziortza Isasi Cristobal pistako txirrindularia, Celia Catarina Oliveira Ferreira kickboxing borrokalaria, Gontzal Murgoitio Esparza mendi korrikalaria eta Carlos Corcuera Mazorriaga Powerlifting kirolaria.

Isasi bederatzigarren sailkatua izan zen Herbehereetan jokatu zen Pistako Europako Txapelketan. Horrez gain, Pistako Espainiako Txapelketan, txapeldun izan zen bakarkako jazarpen frogan, bigarrena scrach frogan eta hirugarrena eliminazio frogan. Azkenik, hamargarren postua eskuratu zuen Danimarkan jokatu zen Pistako Munduko Txapelketan, taldekako jazarpen frogan. Oliveira Guadalajaran jokatutako Espainiako Txapelketan bigarren sailkatua izan zen K1 light + 70kg kategorian eta hirugarrena kick light kategorian.

Murgoitio International Skyrunnig Federationek Montenegron antolatu zuen gazteen mundialean, U-23 kategorian, bigarren sailkatua izan zen Skyrace frogan eta laugarrena Kilometro bertikal frogan. Corcuera AEP-k Colindresen antolatutako lehenengo Iparraldeko Txapelketan hirugarren gelditu zen, 93kg-ko kategorian, eta hamazazpigarren AEP-k Abadiñon antolatutako Lurraldeko Iparmendebaldeko Txapelketan, kategoria berdinean.

Bakoitzak bere espezialitatean izan dituen emaitza onak eta hauen atzean ezkutatzen den ahalegin guztia saritu nahi izan du Elorrioko Udalak. Horretarako, banakako kirolarien esku jartzen den dirulaguntza lau kirolari hauei ematea erabaki du.