Síguenos en redes sociales:

Gabonetan berdintasuna sustatzeko gida kaleratu du Bermeok

Bermeoko Udalak Gabonetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko gida kaleratu berri du. Opari asko egin ohi diren urteko garai honetan, 'Berdintasuna oparitu' kanpaina jarri du martxan, umeentzako jostailuen iragarkiak eta eskaintzak normalean ez baitute berdintasuna sustatzen eta kontuz ibili behar da.

Gida sarean aurkitu daiteke, Bermeoko Udalaren webgunean. Horrez gain, herriko ikastetxe guztietara bidali da eta gurasoen sareetatik ere zabaldu da, jostailu ez sexisten aukera bultzatu asmoz.

Guraso askok, tresnak behar izaten dituzte, horregatik, zenbait gomendio eta irizpide ematen dira gidan. Horretan, jolas eta jostailu sexistak, belikoak eta berdinzaleak zer diren azaltzen da, eta edozein jostailu erosi aurretik, buruari galdetu beharrekoak zehazten ditu.

Jostailuek izugarrizko garrantzia daukate haurren hezkuntza prozesuan. Ez dira bakarrik ondo pasatzeko eta entretenitzeko. Jolasaren bitartez, haurraren garapen osoa eta euren garapen pertsonala hobetzeko gaitasun positiboak bereganatuko dituzte. Jostailuak berez, ez dira onak edo txarrak, hauen egokitasuna ematen diogun erabileraren araberakoa izango da. Jolas eta jostailu desberdinak erabiltzen, berezko generoari dagozkion ezaugarriak ezagutuko dituzte neskek zein mutilek. Ondorioz, generoaren araberako erabilerak, estereotipo sexistak barneratu, birproduzitu eta iraunaraztea ekarri dezake. Horregatik guztiagatik, Bermeoko Udalak Berdintasuna oparitzeko gida egin du, jostailu ez sexisten aukera bultzatu asmoz.