Aste honetan hasi da Elorrioko Udala 2025eko egutegia etxez etxe banatzen. Urtero bezala, udalerriaren ondarea ikusaraztea du helburu, elorriarrek egutegia egiten parte hartzen duten bitartean. Urtero egutegiaren gaia aldatzen da, eta aurtengoa 'Harria eta taladrina' izan da. Guztira 13 argazkik osatzen dute egutegia.
Izango da egutegi berrirako gaia arraro suertatu zaionik: 'Harria eta taladrina'. Hala ere, gaia ez da izan ausazkoa, eta helburu garbi bat izan du: egutegiaren bidez Elorrioko industria ondarea ezagutzeko eta zabaltzeko aukera izatea. Helburu berdinak zituen duela bi urte
Harria eta taladrina izenarekin ateratako koadernoak. 6 koaderno argitaratu dira dagoeneko, eta gehiago ere helduko dira. Baina, koaderno berriak heldu bitartean, egutegiak gaiaren “erakusleiho” izateko balioko du.
Guztira 38 argazki aurkeztu ziren egutegia prestatzeko deitutako lehiaketara, eta guztiek islatzen zuten ezin hobeto gaia, bakoitzak bere estilora. Hala ere, azkenean, 13 izan dira egutegiaren diseinurako aukeratutako argazkiak. Bertan jasota agertzen dira argazkien izenburu eta egileak. Aukeratu gabe gelditu diren argazkiak ikusteko aukera ere izango da, Kultura Sailari egokia iruditu baitzaio eta abenduaren 3tik 30era bitartean aurkeztutako 38 argazkiak Iturri Kultur Etxeko liburutegian ikusgai jartzea.
Saridunek 100 euroko bonu bana jaso dute argazkiko, herriko establezimendu ezberdinetan gastatu ahal izateko. Modu horretan, Udalak bere beste helburuetako bat bete nahi izan du: Herriko komertzioak sustatzea.