Bizkaiko Foru Aldundiak 50.000 euroko aurrekontua bideratuko du astelehen honetan martxan jarriko den Bizkaia Repara bonuen kontsumo kanpaina berria garatzeko. Horren bidez, kontsumo-eredu jasangarriagoa eta arduratsuagoa sustatu nahi du Aldundiak, produktuak konpontzeko eta hondakinak prebenitzeko pizgarrien bidez.
Kanpaina honek 10 euroko 5.000 deskontu-bonu jarri ditu herritarren eskura, atxikitako saltokiek eskaintzen dituzten konponketa-zerbitzuetan erabiltzeko. Helburua da kontsumitzaileei bonuak ematea, beren ondasunen bizitza baliagarria luza dezaten, eta, horrela, ingurumen-inpaktua murrizten eta ekonomia zirkularra sustatzen laguntzea.
Bonuak, zuzenean eskatu ahal izango dira parte hartzen duten saltokietan abenduaren 9tik martxoaren 10era arte 20 euroko edo gehiagoko kostua duen konponketa-zerbitzuengatiko ordainketa bat egitean, eta ez dute kostu gehigarririk izango erabiltzaileentzat. Bizkaian bizi den 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak 10 euroko bost bonu jaso ahal izango ditu gehienez.
Ekimen honi atxiki zaizkio ia ehun establezimendu, zeinek produktu anitz konpontzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten, hala nola ehungintza, oinetakoak, larruzko artikuluak, altzariak, ontziteria, ordenagailuak, periferikoak, komunikazio-ekipoak, aparatu elektronikoak, etxetresna elektrikoak, erlojuak, bitxiak eta erabilera pertsonaleko eta etxeko beste artikulu batzuk.
«Bizkaia Repara»k aukera bikoitza eskaintzen du; batetik, herritarrentzat, beren ondasunen bizitza baliagarria luzatu ahal izango baitute kostu txikiagoarekin, eta, bestetik, tokiko negozioentzat, alternatiba arduratsua eta ekonomikoa bihurtzen baitira neurrigabeko kontsumoaren aurrean. Ekimenak herritarrak kontzientziatu nahi ditu murrizteak, berrerabiltzeak eta konpontzeak garapen jasangarrirako funtsezko zutabe gisa duten garrantziaz.
Proiektu honekin, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du iraunkortasunaren alde hartutako konpromisoa, ekonomia zirkularra sustatzen duten eta kontsumo-ohitura arduratsuagoak sustatzen dituzten ekintza zehatzen alde eginez.
Kanpainari buruzko informazio guztia eta atxikitako saltokien zerrenda web-orri honetan daude eskuragarri.