Datorren asteartean, abenduaren 10ean, hasiko du Bermeoko Udalak familia eskola ekimenaren edizio berri bat, Sagrado Corazón ikastetxean egingo den saio batekin. Ekimen hau Adikzioen Prebentzio Zerbitzuaren bidez garatzen da.

Gaur egun, familia hezkuntzaren garrantzia ezinbestekoa da, eta horregatik, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuak Bermeoko familientzako prestakuntza global bat antolatu du. Aurten, sei gai ezberdinekin osatutako programa eskainiko da, familiek hezkuntza prozesuan aktiboki parte har dezaten.

Saioak Bermeoko ikastetxeetan egingo dira, baina ez dira ikastetxeetarako familietara mugatuko, herriko familia guztiek parte hartzeko aukera  izango dute.

Prestakuntza saio hauek hurrengo gaiei buruzko informazioa eta tresnak eskainiko dituzte:

  • Abenduak 10: Lehenengo mugikorra erostea… opari aproposa Gabonetarako? Sagrado Corazon Ikastetxean, 17:30ean.
  • Urtarrilak 16: Nerabeen emozioen bidelagun. Nola zaindu komunikazioa gure seme-alabekin? San Frantzisko Herri Ikastetxean, 17:30ean.
  • Urtarrilak 30: Nerabeak eta estresa: Familientzako tresnak kudeaketa emozionalean. Bermeoko Institutuan, 17:30ean.
  • Otsailak 13: Sare sozialak eta nerabeak, aro digitaleko familiak. San Frantzisko Herri Ikastetxean, 17:30ean.
  • Martxoak 26: Pornografia eta nerabezaroa. Gizarte eta Kultura Etxean, 17:30ean.
  • Maiatzak 8: Lehen kontsumoak eta nerabeak: Prebentzioa eta komunikazio eraginkorra nerabezaroan. Eleizalde Ikastolan, 17:30ean.

Oso erraz eman daiteke izena. Familia eskolen kartelean agertzen den QR kodearen bitartez egin daiteke.

Saioak doakoak dira, eta gaiak independenteak direnez, gura beste saiotan eman daiteke izena. Saio bakoitzak aurrera egiteko, gutxienez, 4 pertsonek eman beharko dute izena, eta, gehienez 30 pertsona onartuko dira.