Durangaldeko Mankomunitateak eskualdeko erakundeak, enpresak eta Lanbide Heziketako zentroak bildu zituen atzo Durangoko Elkartegian. Bertan, eskualdeko eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko Landue proiektuaren barruan emandako azken urratsak aurkeztu ziren. Durangaldeko 15 enpresa berrik proiektuan parte hartzeko konpromisoa sinatu zuten eta dagoeneko 38 dira komunitate honetako kideak.
Aurten, gainera, Lanbide Heziketako bi zentrok egin bat Landue proiektuarekin (Ibaizabal ikastola eta Kirolene), eta horiekin lortu da Durangaldeko Lanbide Heziketako zentro guztiak izatea Landue komunitateko kide. Sustatzaileek azpimarratu zutenez atzo, horrek aukera handiak zabaldu ditzake praktikak euskaraz egin ahal izateko. Durangoko Elkartegian egin zen ekitaldian egon ziren Idoia Otaduy, Durangaldeko Mankomunitateko presidentea; Isaac Amezaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia; eta Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea. Landue proiektua Mankomunitateak kudeatzen du, eta diruz laguntzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Zerbitzua Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzak ematen du.
2021eko udaberrian sortu zen eta ordutik Durangaldeko enpresetan euskararen presentzia areagotzeko lanean aritu dira. Aldaketa ugari txertatu dituzte ordutik: webguneak itzuli dituzte, hizkuntza ohiturak aldatzeko dinamikak egin, lantegietako hizkuntza paisaiak euskaldundu, hizkuntza irizpideak ezarri, Lanbide Heziketako ikasleen praktikaldia euskaraz izan dadin oinarriak zehaztu.