Abenduaren 2an hasiko da Galdakaoko Urreta kiroldegia eraberritu eta handitzeko obren bigarren fasea. Lan horiek 12 eta 18 hilabete bitartean iraungo dute.
Joan den udan Galdakaoko Udalak hainbat obra egin zituen udalaren kirol-instalazio batzuetan udalerriko kirol-eskaintza hobetzeko asmoz. Lanen artean, nabarmentzekoa da Urreta kiroldegia eraberritzen eta handitzen hasi izana. Interbentzio hau faseka egiten ari da, erabiltzaileengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan.
Lanek dirauten denbora horretan, sotoaren zatia zimendatuko da, eta, ondoren, bi solairu eraikiko dira solarium gisa ezagutzen den eta orain hutsik dagoen kuboan. Horrela, kiroldegiak 1.000 metro karratu gehiago izango ditu, eta horietan bi espazio garden eta gimnasio berria jarriko dira.
Lan hori egiteko, garabi finko bat jarri beharko da aparkalekuan. Horretarako aparkalekuaren zati txiki bat hartu beharko da garabia instalatzeko (10 bat plaza, gutxi gorabehera). Horrek ez dio aparkalekuko bideari eragingo, baina, obren bilakaeraren arabera, baliteke okupatutako espazioa handitu behar izatea. Udalak lanen garapenaren eta horiek sor ditzaketen kalteen berri emango du udal komunikabideen bitartez.
Bestalde, padel eta squash pistak eta sotoko ataria itxita egongo dira obrek irauten duten bitartean, eta espazio horiek zerbitzutik kanpo geratuko dira. Bestalde, erabilera anitzeko aretoak eta kardiokoak herritarrei irekita jarraituko dute, baina zarataren eragina jasango dute. Hori dela eta, goizean aerobik aretoan ematen diren ikastaroak kantxan emango dira (monitoreek emango dizkiete xehetasunak ikasleei). Gainerako instalazioak, hala nola rokodromoa, igerilekua eta kantxa, normaltasunez erabiltzen jarraitu ahal izango dira.
Lehenengo fasea
Bigarren faseko lanak hastearekin batera, aurreko ziklokoak amaitzen dira. Hau uztailean hasi zen eta igerilekuetako aldagela guztiak eta kantxako gehienak berritu dira. Dutxak aurrerago aldatuko dira. Gainera, bi aldagela irisgarri berri sortu dira, baita komun irisgarri bat ere. Eta, datozen asteetan, igerilekuko eta kantxako ebakuazio-irteerak jartzen amaituko da, eta instalazioen erabilerari eragingo ez dioten suteen aurkako segurtasun-lan batzuk amaituko dira.