Aurrera doa Durangoko Udala tokiko merkataritza sustatzeko erronkan. Oraingo honetan, Merkatu Plazaren aurrean eta TADU aparkalekuaren ondoan kokatutako lehiatila adimenduen moduluen erabilera sustatzeko kanpaina jarri du martxan, Dendak Bai elkartearekin elkarlanean. Leihatila horiek herriko saltokien eta herritarren arteko elkarreragina modernizatzeko eta errazteko instalatu zituen Udalak.

Leihatila adimendunak, tokiko negozioak soilik erabiltzeko direnak, erabat doakoak dira bai saltokientzat bai erabiltzaileentzat. Modulu bakoitzak hainbat tamainatako tiraderak eta armairu hoztuak ditu, eta, horri esker, kontserbazio espezifikoa behar duten produktuak behar bezala biltegiratzen dira. Gainera, kudeaketa erraza eta telefono mugikorraren bidez eskuratzeko modukoa da, eta erabilera praktikoa eta eraginkorra bermatzen du.

Martxan jarri zenetik, harrera ezin hobea izan du zerbitzuak. Orain arte, berrogei saltokik baino gehiagok eta ehun erabiltzaile inguruk bat egin dute ekimenarekin.

Saltokien eta erabiltzaileen parte-hartzea areagotzeko asmoz, Durangoko Udalak komunikazio-estrategia integral bat garatu du leihatila adimendunen zerbitzua ikusgarriago egiteko. Kanpaina honetan publizitate-materiala banatuko da, hala nola flyerrak eta informazio-erakustokiak, bezeroei leihatilen funtzionamendua eta abantailak azaltzeko. Gainera, komunikazio digitalak bidali dira, zirkular moduan, tokiko saltokietara, eta bertan zehazten dira zerbitzuaren onurak eta bertan sartzeko eman beharreko urratsak. Ekintza horien bidez, tokiko merkataritzaren egunerokoan tresna berritzaile horren erabilera sendotu nahi da.

Izen-ematea:

  • Herritarrentzat: Interesatuek honako esteka honen bidez eman dezakete izena: Leihatila adimendunen erregistroa.
  • Tokiko saltokietarako: Elkartekide diren negozioek zein bazkide ez direnek alta eman dezakete Dendak Bairekin harremanetan jarriz bere bulegoetan (Askatasun Etorbidea, 2, Durango), 946 818 142/688 738 102 telefonoen bidez, edo info@dendakbai.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz.

Jesica Ruiz Merkataritza zinegotziak azpimarratu duenez, "Durangoko Udalak eta Dendak Baik tokiko merkataritzarekin dugun konpromisoa indartzen dugu, negozioak herritarrekin modu eraginkorrean lotuko dituzten irtenbide berritzaileen aldeko apustua eginez. Zerbitzu hau Durangoko merkataritza-sarea modernizatzeko beste urrats bat da, egungo beharretara egokituz eta elkarrekintza arin eta jasangarria sustatuz".

Informazio gehiago nahi izanez gero, Dendak Bairekin harremanetan jartzeko edo Durangoko Udalaren webgunea bisitatzeko gonbitea luzatzen zaie herritarrei.