Aurrera doa Ermuko Udala Valentzian DANAgatik kaltetutako eremuei laguntzeko erronkarekin. Oraingo honetan, beste 2.125 euro bildu ditu 'Ermua Kirolak' erakundeak joan den asteburuan antolatutako kirol maratoiari esker.

Jardueran 130 pertsonak eman zuten izena Aquatonic, Body Power eta Ziklo Indoor ekimenetan parte hartzeko. Parte-hartzaileek 5 € jarri zituzten izena ematearen truke, guztira 665 euro. Gainera, ordubeteko ziklo indoorreko saio batean edo hirutan pedalei eragin zietenei esker beste 1.460 euro gehitu zitzaizkien, egindako kilometro bakoitzeko 1 €gehitzeko udalak emandako dohaintzari esker.

Laburbilduz, jarduerak 2.125 euro lortu zituen guztira, izen-emateetan eta pedalei eraginda betetako distantziaren batuketaz.

Kirol alorrak bere eskerrona agertu du "larunbatean ekimen honetan parte hartu eta hurbildu ziren pertsona guztiei, kausa on honetan laguntzeko asmoz, eta baita ere begirale taldeari beren parte hartze eta konpromisoagatik, azken horiek gabe ezinezkoa izango bailitzateke jarduera hau egitea eta kaltetuek duten behar ugarietan laguntzeko funtsak lortzea. Eskerrik asko".

Alkateak ere, Beatriz Gamizek, sare sozialetan idatzitako mezuaren bidez eskerrak eman zituen herriak erakutsitako elkartasun eta parte hartzeagatik. Ermua solidarioa, Ermua geldiezina! Lerroburua zuen mezuan "Bihotzez" eskerrak eman zizkien kiroldegian DANAk kaltetutako pertsonei laguntzeko elkartasun maratoian parte hartu zuten guztiei. "Zuen energiak, konpromisoak eta eskuzabaltasunak erakusten digute, beste behin ere, herri batu eta solidarioa garela. Ahalegin bakoitzak kontatzen du: bildutako diru guztia une zail honetan gehien behar duten pertsonentzat izango da. Eskerrik asko ekimen handi honen parte izateagatik eta elkarrekin indartsuagoak garela erakusteagatik" adierazi zuen.