Eñaut Aiartzaguena Bravo artista iurretarraren margolanak Elorrioko Iturri Kultur Etxeko erakusketa-gelan ikusi ahal izango dira datorren astelehenetik, azaroaren 18tik, hilaren 29ra bitartean. Hori izango da Erdella Mendizale Taldeak Mendi Astea ospatzeko prestatutako lehenengo jarduera.

Gainera, haren sarrera-hitzaldiak emango dio hasiera Mendi Asteari: hain zuzen, erakusketaren gaia, Carros de Foc ibilbide entzutetsuko artelanak, aletuko ditu Iturri Kultur Etxean, astelehenean, 19:00etan.

Koke Lasak hartuko dio erreleboa biharamunean, toki eta ordu berean. Ekialdetik mendebaldera, oinez, Nepal zeharkatzen duen ibilaldiari buruz hitz egingo du. Gure mundu txikitik mundu zabalerako saltoa emateko hitzordu bikaina.

Hirugarren solaskidea Gontzal Murgoitio Esparza izango da. Elorriar mendi lasterkari gazteak praktikatzen duen kirol modalitate gozagarri eta sufrikarioz betea kontatuko du lehen pertsonan, gaztetxean.

Azkenaldian balentria paregabeak lortu dituen beste kirolari gazte batek, Ainhize Belarrek, eskaladako 9a+ bide konplikatuaren atzeko sekretuez jardungo du ostegunean, Iturri Kultur Etxean. Atxondoarrak horren aipatuak diren zenbakiari buruzko azalpen ez matematikoa emango du.

Eta, Mendi Astea zapore onez amaitzeko, Erdellaren Urteko Asanblada egingo dute ostiralean, 18:00etan, Kirol Etxean. Luntxaren aurretik 2024an gertatutakoa errepasatu eta 2025erako hobekuntzak eta egitasmoak aurreratuko dituzte, giro ederrean.

Erdella Mendizale Taldetik adierazi dute, bazkideek osatutako elkartea izanik, elorriar guztiek dituztela elkarteko ateak zabalik. “Anima zaitez eta ekarri zure iritziak, zure galderak eta egitasmoak eta gozatu mendiak gurekin batera”.