Lekeitioko haurrengan mugikorren erabilerak sortzen duen arazoaz jabetuta, Altza Burua Lekitto taldea sortu da mugikorren erabilera arduratsua sustatzeko.

Herri-mailan, guraso asko kezkatuta daude haurrek mugikorra nola erabiltzen duten edo erabil dezaketen. Hori dela eta, Altza Burua Lekitto izeneko taldearen helburua da mugikor propioa izateko adina atzeratzea, herrian bizi diren umeentzako smarwatch-ak desagerraraztea eta mugikorren erabileran gurasoen kontzientzia astintzea.

Ez da azken hilabeteotan Euskal Herrian abian jarri den ekimen bakarra, eta, beraz, Lekeitioko taldea sare bateko kide da, Euskal Herriko beste herri batzuetako ordezkariekin informazioa eta jardunbide egokiak partekatzeko. Aldi berean, talde berri hau Udalarekin elkarlanean ari da

Lanean hasteko herriko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean azterketa bat egin da, mugikorra zenbat gaztek duten jakiteko. Emaitzen arabera, DBHko ikasleen artean 25 ikaslek badute, 62k ez, eta 7 zalantzan daude. Eta, aldiz, Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, 10 ikaslek mugikorrak dituzte, 235ek ez eta bi zalantzan daude. Bestalde, behar dituzten helburuak lortzeko Altza burua Lekitto taldeak adituekin hainbat prestakuntza-saio antolatu ditu azaroaren 18, 20, 25 eta 28rako, 18.00etatik 19.30era, Kultur Etxean.

Eta Lekeition ere, beste herri batzuetan egin den bezala, herriko denda eta tabernen laguntza izango dute. Bertan telefonoak jarriko dira dei bat egin behar duten haurrek horretarako aukera izan dezaten. Horrekin bideak irekiko dira herriko denda eta tabernek ere zaintzan aktiboki parte har dezaten, komunitatearen mesedetan

Taldea zabalik dago eta gurasoak gonbidatzen dituzte parte hartzera eta haurrek mugikorrekin duten harremanari buruz hausnartzera.