Talde batek Galdakaon perretxiko lehiaketa apal bat antolatu zuenetik 58 urte beteko dira aurten. Han jaio ziren aurten bere 56. edizioa beteko duten Mikologia Jardunaldiak, azaroaren 7, 9 eta 10ean ospatuko direnak.

Jardueren berri eman dute Peña Santa Cruzen egoitzan egindako aurkezpenean Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Edurne Espilla Kultura zinegotziak, Javier Bilbao Peña Santa Cruzeko presidenteak, Javier Irusta diruzainak eta Alfonso Requero elkarteko mikologia arloko arduradunak.

“Plazer handia da herrian hain errotuta dagoen alor honetan elkarlanean aritzea Jardunaldi Mikologikoetan, nortasuna ematen baitiote Galdakaori”. Herrian “perretxikoekiko kultura sendoa” dagoela azaldu du, eta elkarteak zentzu horretan egiten duen “transmisio lan handia" azpimarratu du.

Horrekin bat etorri da Edurne Espilla. Zinegotziak esan duenez, "Peña Santa Cruzek lan ederra egiten du belaunaldi berriei -perretxikoen arloan- ezagutza eta maitasuna transmititzen". "Berezitasun horrek inguruko herrien artean kokatzen gaitu eta hori kulturaren ikuspegitik ere oso garrantzitsua da”, adierazi du.

Alfonso Requerok, Peña Santa Cruzeko bozeramaile gisa, elkarteak urte honetarako prestatu duen "askotariko programa" aurkeztu du. "Gazteriari ‘pozoia’ gorputzean sartzeko" mimo handiz prestatutako jardueren artean “Josemi Olazabalaga maisu handiaren erakustaldia” aipatu du.

Urte askoren ondoren lanera Andra Mari jatetxera bueltatu den chef-ak osteguneko show cooking-ean parte hartuko du Pablo Garrido Aretxondo jatetxeko sukaldariarekin eta Andra Mariko Baltazar Leirorekin. Bere jarduerarik gogokoena, hala ere, "umeekin mendira joatea" dela aitortu du, mendian aurkitutakoak haurrengan eragiten duen lilurak nola emozionatzen duen agerian utzita.

Haurrek mendian topatutako altxorrekin eta beste talde mikologikoek ekarritakoekin erakusketa egingo da igandean, jardunaldien egun handian. Argazki erakusketa ere izango da, txistulari bandaren eta Andra Mari Dantza Taldearen animazioa, eta ohiko pintxo solidarioa. Perretxikoa, txistorra eta edaria 3 euroko "prezio herrikoian" banatuko direla azaldu du.

56 Jardunaldi Mikologikoen programa osoa honako hau da:

Azaroak 7, osteguna

  • Show-cooking 19:00etan, Torrezabal Kultur Etxean, Josemi Olazabalaga, Baltazar Leiro eta Pablo Garrido Andra Mari eta Aretxondo jatetxeetako sukaldariekin.

Azaroak 9, larunbata

  • Perretxikotan basora. 8:30-14:00, Peña Santa Cruz elkartearen egoitzatik abiatuta (Kurtzeko plaza). Eskola umeei zuzendutako txangoa da.

Azaroak 10, igandea

  • Argazki erakusketa. 10:00-13:30, Gandasegi ikastetxeko arkupetan
  • Lehiaketa gastronomikoa. 11:00-13:30, Gandasegi LH ikastetxean. Ostalaritza eskolei, txoko zein elkarteei eta banakoei zuzenduta.

Gainera, Kurtzeko plazan, 10:00etatik 13:30era, perretxiko erakusketa, eskolarteko perretxiko lehiaketa eta herri dastaketa (pintxo solidarioa) izango dira. Frontoian, berriz, pilota partidak.