Merkataritza bonuen kanpaina berri bat abiarazi du Abanto Zierbenak
Abanto Zierbenako Udalak 10.500 euroko aurrekontua bideratuko du aurrekoetan harrera bikaina izan duen merkataritza bonuen kanpainaren edizio berri bat martxan jartzeko, hogeita bigarrena izango dena. Ekimen hau udalerriko Merkatari eta Ostalarien elkartearekin batera jarriko du martxan Udalak.
Kanpaina datorren astelehenean hasiko da, azaroaren 4an, eta urriaren 31ra arte, larunbata, iraungo du. Guztira 900 bonu banatuko dira. Ohi bezala, bonu bakoitzak 20 euroko kostua izango du eta 30euroko balioa izango du (10euroko bi billetetan eta 5 euroko bitan banatuta) kanpainari atxikitako Abanto Zierbenako saltokietan soilik kontsumitzeko. Aurten, guztira, mota askotako 59 establezimendu izango dira: tabernak, harategiak, fruta-dendak, ile-apaindegiak, farmaziak, moda-dendak, liburu dendak, zentro optikoa, hortz-klinika, etab.
"Aurten ere, Abanto Zierbenako Udaletik gure merkataritzaren eta merkatarien aldeko apustua egin dugu, beren negozioen pertsianak egunero irekitzeko lanean ari diren pertsona horien guztien alde. Erosketak hurbileko establezimenduetan egin behar ditugu. Gastatzen dugun zentimo bakoitzak Abanto Zierbenako ekonomia indartzen laguntzen du, baita, enpresa-sarea babesten ere. Beraz, ekimen honetan parte hartuz eta bonuak erosiz, gure erosketetan % 33ko aurrezpena izateaz gain, Abanto Zierbenako denda, taberna eta jatetxeak suspertzen eta dinamizatzen lagunduko dugu" azaldu du Maitana Martínez Goiri Ekonomiaren Garapen, Turismo eta Merkataritza zinegotziak.
Kontsumitzaileek bonuak azaroaren 4tik izakinak amaitu arte honako leku hauetan erosi ahal izango dituzte:
- Astelehena, azaroak 4, Sanfuentesko Eskola Zaharretan: 9:30etatik 11:30etara (150 bonu jarriko dira salgai) eta 17:00etatik 19:00etara (150 bonu jarriko dira salgai)
- Asteartean, azaroak 5, Las Carreraseko Udal Liburutegian: 9:30etatik 11:30etara (150 bonu jarriko dira salgai) eta 17:00etatik 19:00etara (150 bonu jarriko dira salgai)
- Azaroaren 6an, asteazkena, Tokiko Enplegu eta Garapenerako Agentzian (Gallarta): 9:30etik 11:30era (150 bonu jarriko dira salgai) eta 17:00etatik 19:00etara (150 bonu jarriko dira salgai)
Asteazkenaren (azaroaren 6a) ondoren bonuak soberan geratzen badira, hurrengo egunetan ere saltzen jarraituko da Enplegu eta Toki Garapeneko Agentzian (Gallarta), 9:30etik 11:30era.
"Abanto-Zierbenako Udaletik apustu sendoa egiten dugu kanpaina honen alde, mugimendu ekonomiko garrantzitsu bat sortzen duena eta udalerrian ondorio positiboak eragiten dituena. Beraz, abantar guztiak animatu nahi ditugu euren bonua eskuratu eta herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreari laguntzera "amaitu du Maitana Martínez Goirik.